argia.eus
INPRIMATU
zeru ahoak
Almandoz, helduta, sakon
Maria Ortega Zubiate 2025eko irailaren 26a

Bost urte dira Koldo Almandozek Nerea Garcia inspektorea pantaila txikira ekarri zuela. Hondar Ahoak estreinatu eta bost urtera heldu da seriearen bigarren zatia, Zeru Ahoak; helduta eta Garciaren munduko estoldetan behera. Oraingo telesail honek ere lau kapitulu izango ditu, ordubete azpikoak, bata bestearen atzetik ikusi orduko arratsalde baten bukatzeko modukoak. Donostiarrak badu zerbait Bizkaiko kostako herri eta hiri industrialekin, hori agerikoa da: Hondar Ahoak-en Ondarroako portuan garatzen zen telesaila; bigarren zatian, aldiz, Bilboko itsasadarrean. Biak leku “zatarrak” euskal kostaldeko iruditeri bukolikoan.

Trauma osteko Nerea bat da protagonista. Ondarroan izandako porrotaren ondorenaren pisua gainetik kendu ezinda, kasu berri bati heldu beharko dio: hildako emakumeak, prostitutak, azaltzen hasi dira Bilbon. Hasieran muzin egin badio ere, laster murgilduko da ikerketan, Lertxundi komisario ohiak (Josean Bengoetxea) xaxatuta. Eta orduan abiatzen da jokoa, nor noren aliatu den eta nor noren etsai den asmatzea kostatuko zaio ikusleari, lehen kapituluetan bederen. Nerea Garciaren lehen entregan herri txiki baten “itolarria” zen protagonista, “hemen ez da ezer gertatzen herri guztiak jakin barik”; bigarren honetan, hiriaren bakardadea, indibidualtasuna. Edo hori dirudi, bederen, hirian ere begiak nonahi baitaude.

Hiriko estoldetan barrenako bidaia egiten du Zeru Ahoak-ek. “Estoldak dira hiriak garbi mantentzen dituztenak”, horrela dio Ramon Agirreren pertsonaiak, Ertzaintzako Kutxa Beltzeko buruak, estoldak bere ohiko mailan izatearen arduradunak. Eta estolda horiek gainezka egiten hasten den momentuan kokatzen da tramaren hasiera: “Nola kontrolatu gizon bat gauza guztien gainetik dagoenean? Euren bekatuekin”. Hain zuzen ere, beraiek mehatxatzeko bideoak jasotzen hastearekin bat, euskal gizarteko pertsonai boteretsuek dardarka sentitzen dute oin azpiko lurra, eta makinaria guztia martxan jartzen dute.

Aliatu eta etsaien arteko sare eta egitura konplexu batean mugitzen dira pertsonaiak: Nerea egia bila, poliziak estoldak kontrolpean izan nahian, Nerearen ahizpa Laura Robinhood konplexuz, justizia bila. Hori guztia Bizkaiko kostaldeko irudi ikusgarriekin girotuta.

Ezin aipatu barik laga, ordea, ikusle bati baino gehiago bihotza bizkortuko dion trama. Lehen telesailean ezer espliziturik ez zen ageri, baina bigarrenean Nerea eta Karmenen arteko harremanak pauso bat gehiago ematen du. Publiko lesbikoa gosez utziko du bien arteko harremanak, aukeran gutxitxo agertzen baita bien arteko harremana pantailan. Bazka handirik ez digu eman Almandozek, hamaiketakoarekin konformatu behar. 

Pauso bat aurrera eman du Almandozek bigarren telesail honetan: helduago, serioago, garaikideago. Thrillerrak mundu osoan modan dauden honetan, Almandozek lortu du maila ematea. Bikain.

Datorren asteko ARGIAn, Koldo Almandoz zuzendariari elkarrizketa egongo da irakurgai.