argia.eus
INPRIMATU
“All pitufos are bastards” dioen kartel bategatik salatu dute Arabako Cosmic Tentacles estudioa
  • Gasteizko Udaleko Herritarren Segurtasunerako Sailak Cosmic Tentacles diseinu estudioaren aurka salaketa jarri du, El Correo egunkariak zabaldu duenaren arabera, Gasteizko Udaltzaingoa iraintzen duelakoan.

Axier Lopez @axierL 2021eko otsailaren 26a

Osailaren 14an Instagram eta Facebook plataformetan zabaldutako kartel batengatik salatu dute Cosmic Tentacles estudio grafikoa. Umorea eta kritika politikoa uztartzen dituzte haien argitalpen guztietan. Horren erakusgarri da, Cosmic Tentacles-eko kide batek Hala Bedin astero egiten duen Desde el abismo irratsaioa.

ACAB leloa moldatuz, "All Pitufos Are Bastards" ("Pottoki guztiak sasikumeak dira") eta Gasteizko udaltzain baten irudia uztartu dituzte, gaztelaniaz idatziko ondorengo mezuarekin batera: "Udaltzaingoa, plaka eta pistoladun inozo mota hori, beti hiperaktibitateak jota dagoena, beti irrikaz erakutsteko bere anaia zaharrena (garai bateko zipaioa) bezain basatia eta burugabea izan daitekeela".

El Correok zabaldu duen informazioaren arabera, Udaltzaingoaren aurkako iraina izan litekelakoan egilearen aurka prozesu judiziala abiatzeko aukera zabalik dago. Cosmic Tentacles-eko kideek "prentsaren bitartez izan dutela salaketaren berri" adierazi diote Arabako Aleari. Albistearen berri izan dutenean sare sozialetan zabaldu dute ondorengo mezua: "Ez gaitu harritzen, baina badirudi adierazpen-askatasuna askatasunez erabiltzeak epaitegietara eraman gaitzakeela. Demokrazian bizitzeagatik oso eskertuta gaude."