AEBn alkoholak eragindako heriotzak asko handitu dira 1999tik, populazio osoan. Igoera handiena 2019tik 2021era izan zen; alegia, COVID-19aren pandemiaren garaian. Gerora jaitsi egin bada ere, oro har, bikoiztu egin da 1999tik 2024a. Bestalde, hildako gehienak gizonak badira ere, gorakada handiagoa izan da emakumeetan, eta, batez ere, bertako talde etnikotakoen artean.
PLOS Global Public Health aldizkarian argitaratu dituzte emaitza guztiak, irekian. Ikerketan, CDCren eta prebentzio-sistemaren datuak erabili dituze, eta alkoholak eragiten dituen 14 heriotza-arrazoi izan dituzte kontuan. Nagusia gibeleko gaitza da, eta ondoren datoz asaldu psikikoak eta portaerazkoak. Minbiziak eta arazo kardiobaskularrak ez dituztenez aintzat hartu, litekeena da egoera are larriagoa izatea.
Talderik kaltetuena jatorrizko etniena da: emakumeetan, zurietan baino lau aldiz handiagoa da heriotza-tasa; gizonetan, zurietan baino hiru aldiz eta handiagoa. Populazio orokorrean, berriz, emakume gazteetan (25-34 urte) izan da igoerarik handiena: % 255eko igoera. Gizonetan ere adin-tarte horretan izan da igoera nabarmenena: % 188koa.
Ikertzaileen esanean, azterketa baliagarria da prebentzio-politika eraginkorragoak diseinatzeko eta ezartzeko.