Gaur, otsailak 6, hasiko da Donapaleun Amikuzeko Otsail Ostegunak hitzaldi zikloa, Zabalik elkarteak 1997tik antolatzen duena. 2020ko edizioan jorratuko dituzte Aljeriako gerra, sorginkeria auziak, euskararen antzinako ahaideak eta euskaldunen komunitateak hizkuntza zapalkuntzagatik jasandako sufrikarioak. Hitzaldiak Donapaleun herri elkargoak duen gelan (Auzitegi karrikan) ilunabarreko 20:30tatik aurrera izango dira.
"1997an Amikuzeko Zabalik elkarteak abiatu zuen abentura, eta aurten ere, urtero bezala, bere alea utziko dauku", adierazi dute Zabalik elkarteko arduradunek. "Lau ostegun, lau hitzaldi, arratseko 8ak30etarik 11ak arte, beroan-bero, solasen luzatzeko tragoa eta bere bixkotxa barne. Euskaratik eta euskaraz bizitzeko nahikariak bultzaturik antolatua da hitzordua Donapaleuko Auzitegi karrikan den herri elkargoko gelan".
2020ko egitaraua otsailaren 6aan abiatzen da "Aljeriako gerla euskaldunen memorian" mahai-inguruarekin. Piarres Aintziart, Xipri Arbelbide eta Jean Louis Davantek hartuko dute parte. 1954tik 1952 artean Aljeriako abertzaleei independentzia lortu ez zezaten Frantziak hasitako gerran esaten da 20000 euskaldun gazteek parte hartu zutela, soldadu lanetan han pasaturik urte eta erdi edo bi urte.105 euskaldunek galdu omen zuen bizia gerra hartan. "Ondoko belaunaldiek ezagutu ditugu –diote Zabaliketik– "beren gerlari ohi bilkuretan biltzen zirela, nehori aipatzen ahal ez zituztenak beren artean arrapasatzeko mementoak zituztelarik menturaz. Ezagutu ditugu ere, eta herri gehienetan izanen ziren, eriturik bizi zirenak, 'bitzituak' erraiten zen ahapeka, aipatu gabe handik salbu itzuli izanagatik, hemengoarekin bukatzea hautatu dutenak ondotik. Gerla guziek, gerla denborakoetaz gainera, sekulako itsuskeriak gordetzen dituzte ondorioetan, irabazle ala galtzaile bezala ekarria izanik ere berdin. Zeren, irabazten den baino gehiago galtzen baita, jendetasuna lehenik, gaztetasuna segur!".
Piarres Aintziart, Xipri Arbelbide eta J Louis Davantek orain baino lehen emana dute gerra hartako bizipenez beren lekukotasuna. Gaur Donapaleuko hitzaldian bilduek haien ahoetatik entzun ahalko dituzte haien istorio eta gogoetak.
Otsailaren 13an Ander Berrojalbizek "Leiho hormatua; sorginkeria prozesu bat Amikuzen 1370. urtean" hitzaldia eskainiko du: "Noizbait aipatu izan da sorginkeria prozesuak garaiko herri xehearen bizimoldea, sinesmenak, beldurrak etab. ezagutzeko leiho ezin hobeak direla. Hitzaldi honetan orain arte ia guziz ahantzia egon den leiho hormatu bat ezagutzera eman nahi dugu: 1370. urtean, Garrüzen, Ilharreko Pes de Goiti eta Condessa de Beheitiren aurka burutu sorginkeria epaiketaren parte diren bi dokumentu. Prozesu hau, Euskal Herrian gorde den zaharrena izateaz gain, Europa mailan garrantzi handikoa da ere. Adibidez, animalia itxura hartzeko ahalmena edukitzearen salaketa jasotzen duen, eta gorde den, lehen epaiketa da; baita Akelarre hitza sorginkeriari lotuta aipatzen duen lehen dokumentu historikoa ere, hurrengoa 1450. urtekoa delarik. Ander Berrojalbizek beste zenbait libururen artean "Herejeen alaba" argitaratua du.
Eñaut Etxamendi nekazari eta kantari ezaguna otsailaren 20an mintzatuko da, "Euskararen haurride, lehengusu eta askaziak" jorratuz. Antolatzaileek aurkezpenean diotenez, Etxamendi "azken bi hamarkadetan, denbora osoz ari da gure hizkuntzaren barneak ikertzen, disekatzen, xardakatzen eta berriz eraikitzen. Ez du euskara hizkuntz isolatu gisa ikusten, eta metodo konparatiboa baliatuz, grekera zaharra eta latina ditu bidelagun, horiekin sanskritoa, rusoa eta Europa edo Ekialdeko hamarnaka hizkuntza ezagun eta ez hain ezagun". Berrikitan "L'origine de la langue basque" argitaratua du.
Otsailaren azken osteguneak Ainize Madariaga kazetariak hitz egingo du: "Komunitatea hats-bahiturik; euskal komunitateak zerendako sufritzen duen, lekuko bati esker, ulertzeko giltzak". Madariaga kazetariz gain, soziologian eta antropologian diplomatua da eta argitaratuta dauka “Komunitatea hats-bahiturik. Hiztunaren trauma: diagnosia eta paliatiboak” liburua.
Otsail Ostegunez gain Amikuzen urtero egokitzen da Libertimendua ere. Donapeleukoa 16a izango da.