Ertzaintzak asteartean Getxoko Tosu landa desalojatu eta gero, Algortako San Nikolas (Txiki eta Otaegi) plazan paratu dituzte kanpadendak, Ibarbengoako geltokiaren ondoko baratzean aparkaleku erraldoia egiteko asmoa salatzeko. Asteazkenean eta larunbatean manifestazioak egingo dituzte Tosu Betirako asanbladak deituta.
30 bat lagunek eman zuten San Nikolas enparantzan asteartetik asteazkenerako gaua, urriaren 17ko desalojoagatik eta obren hasieragatik deitutako protesta elkarretaratzearen ostean kanpaldia bertara eramanda. Asteazken arratsaldean, kanpadendak jaso eta gero, manifestazioa abiatu dute plazatik bertatik, Tosu Betirako asanbladak deituta. Beste manifestazio bat egingo dute larunbatean, eguerdiko 12:30ean, Algortako Telletxe kalean hasita eta Partida ez da amaitu goiburupean; horren ondoren kontzertua iragarri dute.
Astearte eguerdian eraitsi zuten azken urteetan Tosuko landan eraikitako etxola, hura defendatzeko egin zuten herri harresiko kideak kanporatu eta gero. Aurretik, suhiltzaileek askatu egin zituzten goizean goizetik kateatuta zeuden Tosu Betirakoko hiru kide; euretako batek gauerdira arte iraun zuen lauzpabost metroko altuerako tripode baten gainean.