Syriza ezkerreko koalizioak irabazi ditu Europako hauteskundeak Grezian. Indar politiko horren lider Alexis Tsipras elkarrizketatu zuten duela egun batzuk El Mundo egunkarian, eta eskuin muturraren gorakada ulertzeko gakoez mintzatu zen.
Tsiprasen esanetan, "austeritateak eragin duen munstroa da eskuin mutur populistaren gorakada. Langabeziak, pobreziak eta bizirauteko borrokak beldurra eta desesperantza sortzen dute. Eta batzuetan, zoritxarrez, horrek ekartzen du jendeak eskuin muturraren diskurtso estu eta banatzailea barneratzea, alegia immigrazioa krisiaren faktore nagusietako baten gisa aurkezten duen diskurtsoa. Diskurtso horrek dio, aldi berean, austeritate neoliberala ez dela krisiaren erruduna. Zeren, guztiaren gainetik, eskuin mutur eta populista guztiz neoliberala da. Ez da neoliberalismoarekiko alternatiba, ifrentzu taktikoa baizik (...) Jendea konbentzitu beharra daukagu, Europaren iragan lotsagarria bere etorkizuna izan ez dadin".
Ildo horretan, Marine Le Pen-en Fronte Nazionalak Frantziako Estatuan izandako emaitzez honako irakurketa egin du Xabier Aierdi soziologoak, Euskadi Irratian: "Bazterkeriatik hurbil daudenek alderdi tradizionaletatik zein laguntza jasotzen dituzten ikusi beharko litzateke. Egoera txarrean dagoen jendeari alderdi tradizionalek erantzuten ez badiete, normala da haustura bat egotea eta jendea joatea esperantza ematen dionarengana, eta esperantza momentu honetan Le Penek eman du".