Nafarroako Gobernuak berdintasun planetarako udalei emandako laguntza %66 murriztu du 2011an legealdia hasi zuenetik. Nafarroan mota honetako gizarte-politikak arriskuan daudela ohartarazi dute EH Bilduko Bikendi Bareak eta Aralarreko Asun Fernandez de Garaialdek eta Xabi Lasak.
Bikendi Barearen esanetan, Nafarroako Gobernua beti harro agertu da berdintasun politikak bultzatzeaz, baina datuen arabera, azken urteetan beherakada “ikaragarria” izan da: 2011n 542.940 euroko aurrekontua bideratu zen eta aurten %66 gutxiago, 184.906 euro.
Nafarroako gobernuaren Gizarte Politiketako sailak berdintasun teknikariak kontratatzeko laguntza ere murriztu duela azpimarratu du Fernandez de Garaialdek, %23 hain zuzen. 175.392 euro jaso ziren iaz eta 134.906 aurten. Lanpostu horretarako hamar eskari jaso zirela azaldu du, iazko kopuru bera, nahiz eta Berriozar batu eta Zizur Nagusia kanpoan geratu den, zazpi urteko kontratu antzinatasuna gainditzeagatik.
“Alerta laranjatik alerta gorrira igaro gara”, dio Lasak. Berdintasun teknikarien lanaldia erdira murriztu duen udalik badela azaldu du, baita lanpostua mantentzea zalantzan jarri duenik ere.
Horrekin batera, “Nafarroan behin eta berriz helarazi nahi diguten susperraldi ekonomikoaren ikuspegia” politika sozialetan ez dela batere islatzen azaldu du Aralarreko kideak. Krisiaren bukaera faltsua iragartzen ari direla esan du eta ondorioz, Nafarroan klase sozial ahulenen bizi baldintzak kaltetzen ari direla.