Alemaniara bizitzera joan diren Europar Batasuneko herritarrek ez dute Estatuaren laguntzarik jasoko ezer kotizaturik ez badute. Gisa horretan, hegoaldeko europarrak ekialdekoekin parekatu dituzte –ekialdekoek lehen ere ez zuten halako eskubiderik–, eta Merkelen Gobernuak harresia eraiki du emigrante berriok Alemaniako ongizate sisteman ez sartzeko.
Orain arte, herrialde hartara joaten ziren milaka italiar, espainiar edota greziarrek, kotizazio gabeko prestazio xume bat jasotzen zuten bertoko lan merkatuan txertatu ahal izateko. 2011n Gobernuak hitzarmen hori aldatu zuen eta 2012ko otsailetik aurrera diru laguntzak ukatzen ari da motxilan kotizaziorik ez daramaten kanpotarrei.
Alemaniara joandako langile askok ez dute kotizatzen lan baldintzengatik: praktika kontratuak, beltzean jasotako soldatak…
El Diario.es egunkari digitalak hainbat lagunen testigantzak bildu ditu. Giulia Tostik Erromatik alde egin zuen eta denbora batez egin du lan Alemaniako arte galerietan, baina autonomo gisa kotizatu gabe. Kontraturik gabe geratu zenean, laguntza eskatzea erabaki zuen; bulegoan jakinarazi zioten jadanik ez zutela kotizazio gabeko laguntzarik ematen Europar Batasuneko herritarrentzat, “agian alemaniar aberats batekin ezkondu beharko zinateke”, esan zioten.
Berlinen, laguntza horiek defendatzeko sarea sortu da. Laguntza ukatu dietenei aholkatzen die auzitara jotzeko, Gobernuaren erabakiak legalki hutsune handiak baitauzka, eta epaiketa ugari irabazten ari dira. Euren kalkuluen arabera, Berlinen 10.000 lagun inguru geratu omen dira laguntzarik gabe, harresiaren bestaldean.