Errefuxiatuen asilo eskaerek nabarmen egin dute gora Alemanian. Ezezkoa ematen zaienek, euren herrialdeetara berriz itzultzeko deportazio agindua jasotzen dute. Hainbat pilotuk planto egin diote neurriari eta Afganistanera zihoazen hegaldiak bertan behera utzi dituzte. Orotara, 222 hegaldi inguru izan dira.
Pilotuek “segurtasun falta” argudiatu dute. “Afganistan leku segurua dela esaten digute agintariek, baina, egiari zor, indarkeriaz eta errepresioz beteriko lurraldea da. Ezin ditugu bidaiariak bertara bidali”. Aireportu askotan eten dituzte deportazioak. Besteak beste, Düsseldorfen 40 hegaldi indargabetu dituzte eta Frankfurten 140. Pilotuei elkartasuna adierazteko eta deportazioak galarazteko, ohikoak bilakatu dira bi aireportu horietan errefuxiatuen aldeko elkarretaratzeak.
Michael Lamberty Lufthansa konpainiako bozeramaileak “babes osoa” erakutsi die pilotuei eta profesionalak diren aldetik, bidaiari eta lantaldearen “segurtasuna bermatu” behar dutela nabarmendu du: “Kasu askotan, pilotuek errefuxiatuekin hitz egiten dute hegazkinera igo baino lehen. Hegazkin txartela izaten dute, edozein bidaiarik bezala, eta beraien ongizatea oso garrantzitsua da pilotuentzat”.
Deportazioak egiten ari diren arren, asilo eskabideak ez dira eten Alemanian. 2017ko lehen sei hilabetetan, Alemaniak Europar Batasuneko beste herrialde guztiak batuta baino eskaera gehiago ebatzi ditu. Eurostat agentziaren arabera, 388.201 izan dira guztira.
Apelazioek ere gora egin dute; ebazpena jaso dutenen erdiek eskatu dute euren kasua berriz aztertzea. Eskaera horiek direla eta, Alemaniako Gobernuak 22,5 milioi euro gastatu ditu urtarril eta azaro bitartean, aurreko urtean baino 7,8 milioi euro gehiago.
Apelazioak murriztu eta erbesteratzeak areagotzeko asmoz, gobernuak neurri berri bat abiarazi nahi du: ukatutako asilo eskaera bakoitzagatik eta deportazioa onartzearen baldintzapean, eskatzaileari 3.000 euroko konpentsazioa emango dio Berlinek. Asmoa 2018ko otsailetik aurrera indarrean jartzea da.