argia.eus
INPRIMATU
Alemania astelehen goizean hasi da konfinamendua arintzen
  • Alemanian apirilaren 20 honetako goizean hasi dira arintzen COVID-19 izurriagatik ezarritako konfinamenduaren zenbait muga, "land" edo estatu federal bakoitzean desberditasun batzuekin. Koronabirusak orain arte 4.642 pertsona hil eta 145.742 kutsatuta, Berlingo agintariek erabaki dute izurriaren hedapena kontrolpean daukatela Alemanian eta urrats berri hau emateko moduan daudela.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 20a
Municheko oinetako-denda bat irekierarako hornitzen, apirilaren 17an. (Argazkia: Michaela Handrek-Rehle)

Konfinamenduaren arintzeak –ez baita amaitzea– Alemanian erritmo ezberdinak eramango ditu land edo estatu federal batean izan edo bestean. Baina astelehen honetatik aurrerako urratsak zein izango diren garbi dago denetan. Gaur bertatik ateak irekitzen hasiko dira 800 metro koadro baino gutxiagoko komertzioak estatu batzuetan, beste batzuetan beranduago hasiko dira, baina honek aldaketa handia ekarri du eguneroko bizimoduan, hilabeteko itxialdiaren ostean bezeroak hartu ahal izango baitituzte arropa dendek bezala loreak, etxeko tresnak edo kontsumogai gehienak saltzen dituzten komertzioek. Astean zehar iritsiko zaie txanda automobil kontzesionarioei, eta beste hainbati. Ile-apaindegiei maiatzaren 4a agindu zaie irekitzeko epetzat.

Aho-sudurrak estaltzeari dagokionez, Alemania osoan gomendatzen da –gainerako higiene eta urruntasun arauak zorrotz betetezaz gain– maskarak janztea baina land batzuetan derrigorrezkoa da eta beste batzuetan ez.

Albiste agentzien arabera, eskola batzuk astelehenean bertan hasi dituzte zenbait jarduera, zehazki batxillergoko azken kurtsoko azterketei dagozkienak, baina beti ere talde txikietan. Irakaskuntzan urrats gehiago maiatzaren 4tik aurrera emango dituztela iragarri dute agintariek.

Festa eta jende bilkura handiei dagokienez, abuztuaren 31 arte jarraituko du horien debekuak. Eta aurrerago gauzak nola joango diren ez dago hain garbi. Adibide batek balio baldin badu, Bavariako lehen ministro Markus Söderek esan du nekez Municheko garagardo feria ospetsua egin daitekeenik pentsatu ere ezin duela egin.

Test ugari garaiz egitea da gakoa

Austria izan zen duela astebete konfinamendua arintzeko urratsak ematen lehena, baina ziurrenik Alemanian prozesuak eramango dituen erritmoek erakutsiko dute Europako gaineako herrialdeetan nola joango den. Famatua egin da Angela Merkel kantzilerrak zein era pedagogiko eta zehatzean –fisikan doktorea da Merkel– azaldu dien herritarrei zer dagoen jokoan koronabirus izurriaren kontrako borrokan: lortu beharra dago herritar bakoitzak bere inguruan ahalik eta jende gutxien kutsatu ahal izatea horrela saihesteko osasun sistemak gainez egitea. Berlingo agintariek ikusi dute apirilean zehar beren osasun sistemak ondo eutsi diola gaixotuen ugaritzeari, baina ez dute nahi egoerak eskuetatik ihes egin eta hurrengo gaixo olatu batek urrian ospitaleak eta sistema osoa hankaz gora jartzerik.

Horregatik, konfinamendutik irteteko urratsak tantaka egingo dituztela agindu dute Berlindik eta beti ere kutsatu berrien informazio eta kontrol osoa edukita. Alemaniak harrotasunez aldarrikatzen du horren sekretua, osasun sistema on batez gain, garaiz COVID-19 test ugari egitean egon dela, kutsatu bakoitzaren ingurukoen egoera ere ezagutzeko.