argia.eus
INPRIMATU
Alegian kalean lo egiten duen pertsona bati gasolina botaz eraso egin diote
  • Apirilaren 11n goizaldera gasolinaz blaitu dute pertsona hau. Alegiako Udalak zera adierazi du: "Denok dugu kalean bizitzeko eskubidea". Modu irmoan salatu dute erasoa bai udalak eta baita gaztetxeak ere. Gaztetxeak osasun krisiarekin lotu du erasoa, kalean bizi direnek gorabehera gehiago jasan behar izan dituztela azaldu du eta "berriro ere antzekoak gertatzeko arriskua" ikusten duela adierazi du.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 11

Apirilaren 11n goizeko 7:00 aldera erasoa jasan du Alegiako udaletxeko arkupean lo egiten duen pertsonak. Udalak webgunean zabaldutako oharrean azaldu duenez, "lo zegoela gasolina bota diote gainera eta baita bere inguru guztian ere. Norbaitek 112ra deitu duela adierazi du Ertzaintzak eta deiari erantzunez,7:30ak inguruan  patruila bat eta anbulantzia medikalizatua etorri dira". Udalaren oharrak dio erasoak kalean lo egiten duen pertsonari begietan sumindura arinak eragin dizkiola.

Laguntza eta lekualdatze eskaintzari uko

Garbiketa pertsonalerako produktuak onartu ditu kalean lo egiten duen pertsonak, baina "bere eskubideei eutsiz" eskaini zaion laguntza eta lekualdatzeari uko egin dio.

Udalak honako mezua azpimarratu du bere agirian: "Denok dugu kalean bizitzeko eskubidea, eskubide unibertsala delako. Inor ezin da bere borondatearen aurka inora eraman. Udaletxeko arkupetan lo egiten duen eta erasoa jasan duen pertsona horrek ere eskubide horiek guztiak ditu. Alegiako Udalak erasoa modu irmoan salatzen du eta gizakion eskubideak errespetatzeko deia egiten du".

Alegiko gaztetxeak osasun krisian zehar horrelako eraso gehiagoren arriskuaz ohartarazi du

Alegiko gaztetxeak sare sozialetan zabaldu duen mezuak zera azpimarratu du: "erasoa osasun krisiaren testuinguruan gertatu dela eta erasotzailea, herriari ezarritako mugikortasun mugaz eta horrek dakarren zilegitasunaz baliatu dela erasoa anonimoki gauzatzeko". Osasun krisian zehar kalean bizi diren pertsonek gorabehera gehiago jasan behar izan dituztela adierazi dute eta "berriro ere antzekoak gertatzeko arriskua" ikusten dutela. Gaztetxeko kideek eraso hau "gogor salatzen" dutela adierazi dute.