argia.eus
INPRIMATU
Alderdikeria eta lan taldearekin konfiantza falta, Nogerasek dimititzeko arrazoiak
  • Itziar Nogerasek Donostia 2016ko zuzendari orokor kargua zergatik utzi duen azaldu du prentsaren aurrean ostegunean.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2014ko apirilaren 03a
Prentsaren aurrean eman ditu azalpenak Nogerasek (argazkia: Itziar Reyero).

Proiektuaren blokeo teknikoa, zuzendaritza eta lan taldearekin konfiantza falta eta alderdien arteko liskarrak aipatu ditu dimisioaren kausa bezala.

Nogerasek adierazi du berak ez duela eskatu Guadalupe Echevarria, Jaurlaritzaren eskutik proiektuan sartu zen zuzendari kulturala, lan taldetik ateratzeko, nahiz eta haren profila ez datorren bat, bere ustez, "proiektuaren beharrekin". Echevarriaren eta Nogerasen arteko harremana ez zela ona argitaratu zuen atzo Noticias de Gipuzkoa egunkariak.

Kargua lehiaketa publikoa egin aurretik eman zitzaiolakoan sortu zen polemikaren ondoren sartu zen Echevarria 2016ko bulegora eta zenbaitek Bilduren eta EAJren artean polemika amatatzeko egindako paktutzat ulertu zuten.

Programaren filtrazioa

Dimisioaren arrazoien artean sartu du Nogerasek joan den asteburuan El Diario Vasco egunkariak Hiriburu Kulturalaren programa filtrazio baten bidez argitaratu izana ere. 2016ko Fundazioaren Patronatua jo du hori gertatu izanaren erantzule.  

Asteartean kargua uzteko borondatea adierazi zuenetik asteazkenean dimisioa behin betikoa egin den arteko tartea “bera desakreditatzeko” erabiltzea ez zuen espero Nogerasek. Egitasmoarekin zegoen alderdien eta erakundeen adostasun orokorra asko murriztu dela uste du. “Nire dimisioak balio badu akordioa lortzeko, pozik noa”, gaineratu du.