argia.eus
INPRIMATU
Alderdien interesak, Eusko Jaurlaritzaren bake planaren oztopo
  • Espainiako Gobernuko indar politikoen “interesak” dira oztopo nagusi Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Planean. Hala adierazi du Gatazken eta Ekintza Humanitarioen Ikerketen Institutuak (IECAH) egindako txostenak.

Garazi Zabaleta 2015eko irailaren 10a
Gatazken eta Ekintza Humanitarioen Ikerketen Institutuko lau adituk aurkeztu dute planaren gaineko azterketa (argazkia: irekia.euskadi.eus)

Noticias taldeko egunkariek argitaratu dutenez, Espainiako Gobernuaren “pasibotasuna” azpimarratu dute azterketaren egileek planaren oztopo nagusi bezala. Adituen arabera, Rajoyren gobernuak ez du inplikatu nahi izan ETAren desarmatzeak“epe laburrean inolako onurarik ez dakarkiolako”.

Dokumentuaren egileek ondorioztatu dute, bestalde, Jaurlaritzaren proiektua “globala, beharrezkoa, anbiziotsua, errealista eta orekatua” dela, eta “erantzunkizun politikoko lanketa” garrantzitsutzat jo dute.

Biktimen papera, garrantzitsua

Adituek positibotzat hartu dute biktimek planean jokatzen duten papera. Txostenaren arabera, proiektuak erdigunean kokatzen ditu biktimak, eta egiaren, justiziaren, konponketaren eta bermeen aitortzan “lan handia” ari da egiten.

Eusko Jaurlaritzak biktimen elkarteekin duen harremanari begira, iraganeko hainbat blokeori aurre egitea lortu dutela adierazi du txostenak, baina adituek azpimarratu dute oraindik hainbat biktimen elkartek “ez dagokien indarra daukatela”. Elkarte hauekin duten transmisio loturarekin amaitzeko eskatu diete alderdiei.

Analisia osatzeko, proiektuaren jarraipen zuzena egin dute teknikariek, eta 67 pertsona elkarrizketatu dituzte. Elkarrizketatuen artean biktimen senideak, unibertsitateko adituak edota komunikabideetako profesionalak egon dira.