Hainbat ekitaldi egingo dira EAEko Memoriaren Egunaren bueltan. Eusko Legebiltzarrak lore eskaintza egin du, eta ondoren Aldundiek zein hainbat udalerrik hartuko diote lekukoa. Makina bat omenaldi, baina urtero legez, alderdien arteko zatiketa nagusi dela. Aurten PPk eta UPDk uko egin diote ekitaldi nagusietan parte hartzeari, soilik "terrorismoaren biktimak" aintzat hartzeko xedea betetzen ez dutelakoan.
Bi alderdiok ez dira izango, kasurako, Gasteizko Ganberaren ekitaldian. Hauek ez beste alderdi guztiak bertan izango dira, EH Bildu barne. Honek adierazi duenez, “biktima guztientzat egia, justizia eta erreparazioaren printzipioen gainean” kokatuko du bere presentzia Memoriaren Eguneko ekitaldietan. Oroimenak “kolektiboa, anitza eta integratzailea” izan behar duela azpimarratu du.
PPk, bere aldetik, Jaurlaritza zein Legebiltzarrari eskatu die Memoriaren Egunaren hasierako “zentzua” berreskuratzeko, alegia, “bakarrik terrorismoaren biktima izan direnak omentzea”. EAEko PPren buru Alfonso Alonsoren esanetan, bestelako indarkeria pairatu duten pertsonak omentzea “zurigarri” bezala darabilte “terrorismoa arbuiatzen ez dutenek”.
PPk Gasteizko Udalak, Arabako Aldundiak eta Batzar Nagusiek antolaturiko ekimen bateratuan ere ez du parte hartuko, eta uko egingo dio Euskadiko Udalen Elkarteak proposatu eta Gasteizko udalak adostutako testua sinatzeari, “terrorismoaren indarkeriari” aipamen espliziturik egiten ez zaiolakoan –testu bera babestu egin zuen 2013an–. Modu horretan, Gasteizen ekitaldi propioa antolatuko du, Agustin Ibarrolaren oroitarriaren ondoan.
Omenaldi instituzionalez landa, bestelakoak ere izango dira; Etxerat-ek egingo duena, kasu. Honek elkarretaratze bana egingo du Bilbo eta Gasteizen, sakabanaketaren ondorioz hildako 16 pertsonak aintzat hartzea eskatzeko.
Gogora-ren inaugurazio ofiziala
Omenaldiak egiteaz landa, ofizialki inauguratuko dute Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua. Ekitaldia erakundeak egoitza duen Bilboko Artxibategi Historikoan egingo da.
Euskal Herrian azken urteetan izan diren eskubide urraketen aurrean gogoeta egin eta biktimak oroimenean izateko helburuarekin sortu zen Gogora, Eusko Jaurlaritzaren ekimenez. Iñigo Urkullu lehendakaria du presidente, eta Aintzane Ezenarro zuzendari. Ezenarroren esanetan, erakundea bakean eta bizikidetzan oinarrituriko etorkizunaren eraikuntzan lan egiteko sortu zen.
Ekaina amaieran aurkeztu, eta uztailaren lehenean ekin zion jardunari Gogorak. Lehen hilabeteetan batik bat egoitza atontzen eta hornitzen izan zuen eginkizun nagusi, eta urrian zuzendaritza kontseilua lehen aldiz bildu eta erakundearen estatutuak adostu zituen. Bilera honetan 2016rako aurrekontua –1,5 milioi eurokoa– eta Institutuaren finkapenerako 18 proiektu ere hitzartu zituzten.