Junts Pel Si eta CUPen 72 diputatuk aldebakarreko prozesu bat hastearen alde egin dute Kataluniako Parlamentuan, independentzia jomuga. Hala, parlamentuko batzorde konstituziogilearen ondorioak onartu dituzte.
Prozesua hasi zenetik lehendabizikoz Espainiako Auzitegi Konstituzionalak agindutakoa ez du obeditu Kataluniako Parlamentuak. Independentziarako bidean batzorde konstituziogilea sortu zuen parlamentuak urtarrilean. Espainiako Gobernua aurka azaldu zen, eta Auzitegi Konstituzionalak gobernuaren salaketa onartu zuen tramiterako. Ez zion ordea, debekurik ezarri batzordeari. Hala ere, batzordeak sorturiko deskonexiorako aldebakarreko bide orria osoko bilkuran ez bozkatzeko ohartarazi zion Auzitegiak Kataluniako Parlamentuari.
2015eko azaroaren 9an Kataluniaren independentziaren aldeko aldarrikapena –burujabetza lortzeko prozesua abiarazi zuten parlamentuan Junts Pel Sik eta CUPek– Espainiako Konstituzioaren aurkakotzat jo zuen Auzitegiak, eta aldebakarreko bide orria parlamentuan eztabaidatzea galarazi zuen, prozesu berarekin jarraitzea litzatekeela iritzi duelako.
Batzorde konstituziogilearen testua uztailaren 27ko osoko bilkuran eztabaidatu ahal izateko behin bilkura hasita proposatu dute burujabetzaren aldeko alderdiek eguneko gaien zerrendan sartzeko, independentziaren aurkako alderdien haserrea piztuz. Junts Pel Si eta CUPeko 72 diputatuen botoekin onartu da eta CSQP Catalunya Si Que Es Poteko hamaikek soilik bozkatu dute aurka. Ciutadansek eta PPk “ilegaltzat” jo dute bozketa eta alde egin dute hemiziklotik. PSCko diputatuak bertan geratu dira baina ez dute bozketan parte hartu.
Ekainean Generalitateko aurrekontuak onartu ez zirenetik hainbat liskar izan dira Junts Pel Si eta CUPen artean. Aurrekontuei ezetz esan zien CUPek orduan, eta horren harira bere jarraipenaren inguruko mozioa aurkeztu zuen Puigdemontek, irailaren 28rako. Orain bi indar independentisten arteko harremana apur bat leundu dela dirudi, batzorde konstituziogilearen ondorioak onartzearekin batera.