IB3 telebista publikoaren neurria "katalanaren aurkako erasotzat" jo dute katalanaren normalizazioaren aldeko zenbait eragilek, eta "berehalako zuzenketa" eskatu dute. Zuzendaritza aldaketa izan da berriki kate publikoan, PP eta VOXen botoei esker, eta handik hilabete gutxira filmak gazteleraz emititzen hasi da.
Obra Cultural Balear, Plataforma per la Llengua eta katalanaren normalizazioaren aldeko beste zenbait eragilek salatu dute IB3 Balearretako telebista kate publikoa zenbait film gaztelaniaz emititzen hasi dela. Eragileek neurria "katalanaren aurkako erasotzat" jo dute, eta berehalako zuzenketa eskatu dute. Salaketarekin bat egin du Aldatu Gidoia plataformak ere, bidali duten prentsa ohar batean jakinarazi duenez.
Salaketa egin duen Plataforma per la Llenguaren ustetan, IB3k ez du zentzurik "gertukoa eta %100ean katalanez ez bada": "Hori da katea izatearen arrazoia, katalanaren normalizazioan lan egitea, gaztelaniazko kate ugari baitaude". Aldaketa hori Josep Codonyk, PP eta VOXen babesarekin izendatutako zuzendari nagusi berriak, kargua hartu eta gutxira gertatu da, gaztelaniazko filmak emititzen hasi baita telebista katea, katalanez emititu beharrean.
ETBk euskarara bikoiztutako filmak progresiboki emititzeari utzio zion 2000. urtean
Gauzak horrela, Aldatu Gidoiak gogora ekarri du ETBk antzeko erabakia hartu zuela duela zenbait urte. Telebista kate publikoak nazioarteko filmak gaztelaniaz soilik ekartzea erabaki zuela salatu du plataformak, 2000. urtetik aurrera nazioarteko bikoiztutako pelikulak progresiboki murriztu baitziren. Are, 2010 inguruan emititu zuen euskarara bikoiztutako azken nazioarteko filma. Plataformak PP eta VOXekin bat egitea leporatu dio telebista kateari: "Nola da posible ustez euskaltzalea den EAJ bezalako alderdi bat, PP eta VOXekin bat etortzea?".
Aldatu Gidoiak azaldu du nazioarteko filmak euskarara ez bikoizteak, "kalte sakona" eragin duela euskaldunengan eta hizkuntzarengan. Salatu du ETBk euskaldunak ohitu dituela gaztelaniazko edukia kontsumitzera, eta barneratu dutela euskara ez dela gai kanpoko edukia gurera ekartzeko. "Gaztelaniazko katea sortu eta lehenetsi" dutela salatu dute.
Horren aurrean, "hizkuntza desoreka argia" dagoela adierazi dute, eta egoera hori aldatzeko ezinbestekoa dela euskararen alde jotzea politika publikoetan, "bi hizkuntzen alde jokatzeak suposatzen baitu gaztelaniaren nagusigoa betikotzea". Aldatu Gidoiak ETBri eskatu dio "Espainiako Estatuko eskuineko agenda linguizida ez jarraitzea", eta katearen erdalduntze prozesuan emandako urratsak desegitea.