Aldatu Gidoiaren iritziz, EITB "sortze helburuetatik aldendu" da, eta "urgentziazko demokratizazio prozesu bat" eskatu du, zuzendaritza taldearen hautaketa prozesutik hasita.
Maiatzaren 3tik 7ra nazioarteko ekoizle eta irrati-telebistako publikoen INPUT konferentzia egin dute Bilbon. Anfitrioia izan da EITB. Jardunaldi horietan, ETBko zuzendari Unai Iparragirrek zera esan zuen, Berria-ko Urtzi Urkizu kazetariak jaso moduan: EITB 2030 estrategian lau arlo nagusi dituztela, euskal frame-a, kultura, euskara eta zerbitzu publikoa.
Aldatu Gidoia egitasmoarentzat "itxurakeria hutsa" dira adierazpen horiek. Izan ere, uste du EITB bere sortze helburuetatik aldendu dela, eta, zerbitzu publikoa izateko, "premiaz egiteko lan batzuk" dituela, "demokratizazio prozesu zintzo eta sakon bat eta norabidetze estrategiko bat". Aldatu Gidoiaren esanetan, prozesu hori EITBren gobernantza eredu berri batetik hasi beharko litzateke, hala nola zuzendaritzan hautapenetik. ARGIAn 2866. aleko erreportaje nagusian xehatu moduan, agintean dagoen alderdiak erabakitzen du nork gidatzen duen euskal irrati telebista publikoa, eta nork horretan, ziurrenik nola ere sar daiteke. Horregatik, Aldatu Gidoiaren iritziz, alderdi baten edo batzuen interesetatik baztertu behar da EITB.
"Ezin agerikoagoa da helburu estrategikoetatik erabat aldendu dela EITB", adierazi du Aldatu Gidoiak. EITBn erdal erreferentziak eta "marko espainiarra" sustatzen dira etengabe, eta "euskaldunak erdarazko kateetara bideratzen gaituzte". Hortaz, Aldatu Gidoiaren ustez, "ordezkapen linguistikoan eta asimilazio kulturalean sakontzen duen tresna" bilakatu da EITB.
INPUT konferentzian adibideak
EITB izan da nazioarteko telebista publikoen aurtengo jardunaldien anfitrioia, eta gonbidatuen zenbait esperientzia baliagarri izan ahal zaizkio EITBri Aldatu Gidoiaren esanetan. Flandria, Suitza, Kanada edo Finlandia ipini dituzte adibide: "Hizkuntza aniztasunari eta berezko hizkuntzen tratamenduari dagokionez, badute non begiratua eta zer ikasia".
Horrez gain, ordea, Aldatu Gidoiak kexa adierazi du, Israeli konferentzian lekua egiteagatik. Datozen konferentzietatik kanpo uzteko eskatu du, halakorik egin ezean, "genozidioaren zuriketan" parte hartzen ibiliko baitira. "INPUT erakundearen oinarrian dauden zerbitzu publikoaren printzipioak eta balio demokratikoak ez dira bateragarriak Israelek konferentzian duen parte hartzearekin", esan du Aldatu Gidoiak.