Aldarrikapen eguna Irunen

  • Nabarmena izan da greba orokorraren eragina gaur Irunen. Hiriko industrialde nagusian, Landetxakoan, apenas egon den mugimendurik. Itxita ikusi ditugu pabilioi gehienak, eta hutsik aparkalekuak. Zonaldeko garraio-industrialde garrantzitsuenean, Zaisan, jende gehiago joan da lanera, baina kamioi ugari geldirik geratu dira kotxeretan, errepidera atera gabe. Eta Irun erdialdean (Moskun, kale nagusian eta Kolon pasealeku inguruko kaleetan) itxita aurkitu ditugu taberna, kafetegi, kiosko eta denda asko eta asko.


2012ko martxoaren 29an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03

Goizeko 10etan, Irungo ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek eta Alternatibak deituta manifestazioa abiatu da udaletxe aurretik. Jendetsua izan da manifestazioa eta zentroa zeharkatzean sumatu da batez ere, Kolon pasealekua punta batetik bestera hartu baitute manifestariek. “No a las reformas y a las imposiciones. Euskal Herriak burujabetza!” eta “Gazteen gainetik ez zarete pasako. Zerri kapitalistak” lemapean, Hondarribia kalean buelta eman eta Zabaltza plazan bukatu da manifestazioa. Lan erreformaren kontra azaltzeaz gain, bidea independentzia dela aldarrikatu dute antolatzaileek, eta gizarte eredua aldatzearen premiaz ohartarazi dute.

Ondoren, nahiko hutsik geratu dira Irungo kaleak, asko eta asko Donostiako manifestaziora joan dira-eta. Arratsaldean, 16:30ean kotxe-karabana atera da Moskutik, 17:30ean Hondarribian egin da manifestazioa eta azkenik, 19:00etan, Irungo Zabaltza plazatik atera da eskualdeko azken mobilizazioa. "Murrizketa, erreforma eta inposaketari aurre egin" lemapean, goizekoa baino are jendetsuagoa izan da Euskal Herriko gehiengo sindikalak (LAB eta ELA) eta hiriko hainbat gizarte taldek deitutako manifestazioa. Kolon pasealekua zeharkatu eta Hondarribia kalean buelta eman ostean, udaletxean bukatu da arratsaldeko ibilbidea. Azken hitzordu honetan, guztira 3.500 lagun inguru bildu dira lan erreformaren aurka, LAB sindikatuak emandako datuen arabera.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude