argia.eus
INPRIMATU
Aldaketarako atea ireki da Turkian
  • 25 urteren ondoren, Justizia eta Garapenaren Alderdiak (AKP), Erdoganen alderdiak, Istanbulgo udal gobernua galdu du bigarren hauteskundeetan. Martxoan egin ziren hauteskundeetan ere Herriaren Alderdi Errepublikarra oposizioko alderdiak irabazi zuen, baina ustezko iruzurragatik baliogabetuak izan ziren.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko ekainaren 24a
Imamoglu garaipena ospatzen.

Ekrem Imamoglu da Istanbulgo alkate berria, Justizia eta Garapenaren Alderdiko islamistak 25 urte udal gobernuan egon eta gero. Bigarren hauteskunde hauetan, bozen %54arekin bihurtu da Imamaoglu Istanbulgo alkate: “Gaur, 16 milioi istanbuldarrek demokrazia eta justiziarekiko konfiantza berrestu dute” esan du hitzartzean.

Imamogluk IYI alderdi eskuindarraren laguntzaz lortu du alkatetza. Emaitzak jakitean, HDP kurduen eskubideen aldeko alderdiaren zorionak jaso ditu alderdi sozialdemokratak. Oso diskurtso ezberdina erabili dute bi alderdi nagusiek, eta hori bozetan nabaritu da, emaitzetan polarizazio nabaria islatu baita. Kurdistan eta Siriako egoerak oso paper garrantzitsua izan du kanpainan zehar. HDP kurduen eskubideen aldeko alderdiak hauteskundeetara ez aurkeztea erabaki zuen, eta boza Imamogluren alde bideratu zuten. Bestalde, alderdi sozialdemokratak Siriaren aurkako diskurtso nazionalista erabili du, eta AKP Erdoganen alderdia errefuxiatu siriarren salbatzaile gisa aurkeztu da, sektore horren bozak lortu nahian.

Baliogabetze baliotsua

Martxoan egin ziren hauteskundeetan 14.000 bozengatik irabazi zuen alderdi sozialdemokratak osaturiko blokeak. Emaitzak hala, AKP alderdiak Hauteskunde Batzordean errekurtsoa aurkeztu zuen, hauteskundeetan iruzurra izan zela argudiatuz. Hala, batzordeak errekurtsoa onartu eta martxoaren 31n egindako hauteskundeak baliogabetu zituen. Baliogabetze honek, baina, jendearen samina ekarri zuen, eta joan den igandean alderdi ultraeskuindarra zigortu zuten, bi blokeen aldea 770.000 bozetara handituz.

Aldaketaren hasiera

AKP Erdoganen alderdiak hegemonia esanguratsua izan du azken urteetan Turkiako politikako hainbat mailatan: maila nazionalean, probintzietan edo udaletan. Istanbulgo udala, adibidez, 25 urtetan egon da AKPren eskuetan. Nahiz eta Istanbul Turkiako hiriburua ez izan, hiri nagusia da hainbat esparrutan: biztanleria, ekonomia, merkataritza… hau dela eta, oso garrantzitsua da bertako gobernua. Istanbulgo alkatetza aldatzeak, beraz, ilusio handia piztu du Turkian aldaketa nahi duen jendearengan, eta emaitzek herrialdearen beste eremuetara aldaketa eramango dutela uste da. AKPren hegemonia kolokan jarri dezakeen gertaera da, beraz, igandekoa.