Aldaketak babes sistema sozialean

  • EAEn, aldaketa fase bete-betean da gizarte babes eredua.


2017ko martxoaren 07an - 05:47
Ilustrazioa: Joseba Larratxe

Errenta bermatuaren legea onartu du 2016an Nafarroako Gobernuak. UPNren Gobernuaren garaiko legearekiko baldintzak leundu eta adibidez 65 urtetik gorako herritarrak eta egoera irregularrean dauden atzerritarrak ere barnebiltzen ditu. Aurrerapausoa izan arren, legea ez dela nahikoa, kolektibo batzuk kanpoan uzten dituela eta gazteen egoera zaildu egiten duela kritikatu dute Oinarrizko Errentaren Aldeko plataformakoek.

EAEn berriz, aldaketa fase bete-betean da gizarte babes eredua. 2012tik 2014ra, pobreziak %50 egin du gora Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta une hauetan, biztanleen %20tik gora bizi da txirotasun eta bazterkeria arriskuan. Horren aurrean, funtsezkoa da gizarte babes eredu indartsua izatea. Euskal Autonomia Erkidegoak duen Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) adibidez, pobrezia arintzeko erreminta eraginkorra da: 65.657 herritarrek jasotzen dute; jasotzen dutenen hirutik bik Espainiako Estatuko herritartasuna dute eta erdia baino gehiago emakumeak dira. Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuaren %4,5 inguru bideratzen da errenta honetara eta herritar horiei gutxieneko diru-sarrera bermatzeaz gain, kalkulatzen da 26.000 lanpostu inguru mantentzeko ere balio duela.

Eusko Jaurlaritzak eskatuta, ordea, batzorde tekniko bat DBE berrikusten eta aztertzen ari da. Zergatik eta zertarako? Aurretik, inportantea da DBEk jasandako eraldaketa azpimarratzea. 2011n, Patxi Lópezen Gobernuak erabaki zuen DBE jasotzeko baldintzak zorroztea –urtebeteko erroldatzea eskatzetik, EAEn gutxienez hiru urtez erroldatuta egon behar izatera pasa zuten eskaera– eta errentaren diru kopurua %7 murriztu zuten. Oposizioko hainbat talde kritiko agertu ziren arren, EAJ tarteko, alderdi hau boterera itzuli denetik berdin jarraitzen du errentak, eta gutxienez lehengo baldintzetan jar dezala eskatzen dute eragile sozialek.

Zein aldaketa izango ditu DBEk?

Krisiaz geroztik, interes jakinei erantzuten dieten mezuak ugaritu dira laguntza sozialen inguruan: gehiegi hazten ari direla –eskubidea duen orok jasoko duen arren prestazioa, eskubide subjektiboa baita–, iruzur asko dagoela –nahiz eta iruzurra %0,3koa den, Ogasunean egiten dena baino askoz txikiagoa–, edota etorkinak diru-laguntzetatik bizitzera datozela –bai migrazio datuek bai egiten duten ekarpen ekonomikoaren datuek gezurtatzen duten arren–. Eztabaida lokaztuaren erdian, Javier Maroto Gasteizko alkate ohiak abiaturiko sokari tiraka DBE jasotzeko baldintzak gogortu nahian jarraitzen du PPk. Hala nola, gutxienez bost urteko erroldatzea eskatzen dute eta egoera irregularrean dauden migratzaileak kanpoan uztea. Ez dirudi, baina, DBE jaso ahal izateko baldintzak gehiago gogortzea denik Jaurlaritzaren nahia.

Kontrakoa da galdera: jakinik 2011n murrizketa jasan zuela errentak, aurreko baldintza oparoagoetara itzuliko al dute prestazio soziala? Halako asmorik ere ez diegu antzeman jeltzaleei, Gipuzkoan gertatu denari erreparatzen badiogu behintzat. EH Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundian gobernatu zuenean, 2011 aurreko DBEren baldintza berdinak zituen Diru-Sarrerak Bermatzeko Laguntza jarri zuen martxan, eta laguntza hori berehala kendu du EAJk, Diputazioa eskuratu duenean. Gipuzkoarako egokitzat jotzen ez duena, zergatik irudituko zaio egokia EAErako?

Orduan, zein da DBE ikertzearen arrazoia? “Eraginkortasuna” aipatu izan du Jaurlaritzak, eta badirudi errentaren gestioan aldaketak egon daitezkeela. Esaterako, pentsionistak zaku horretatik ateratzea edo, logikoa litzatekeen moduan, kudeaketa guztia Lanbiden kontzentratu ordez –eta kudeaketa administratibo hutsa izan ordez–, garai batean egiten zen moduan profil jakin bat duten kasuak, bazterkeria arriskuan daudenak adibidez, gizarte zerbitzuetara bueltatzea. Ikusi beharko da errentaren baldintzak ukituko ote dituzten.

Aldaketak egiten hasiz gero, bada zer aldatu, pobreziaren aurkako ekintzaileen aburuz. Hala nola, errolda eskaera berriro urtebetera jaitsi eta diru-kopurua berriro %7 igotzeaz gain, seme-alaben araberako diru kopurua berrikustea –orain, bigarren seme-alabatik aurrera, berdin dio hiru, lau edo bost ume izan, diru kopurua berdina da– edota tramitazioa erraztea, prestazioa eskatzeko prozedura konplexua baita. Gaur egun, errenta horretarako eskubidea duten herritarren %30 inguruk ez du jasotzen, eta arrazoi nagusiak dira desinformazioa batetik eta prozedurak batzuengan sortzen duen estigma eta umiliazioa bestetik.

DBE berrikusten hasita, beste eskaera bat ere badute arlo sozial eta ekonomikoko eragile gero eta gehiagok: oinarrizko errenta hau egungo lan merkatuaren logikatik ateratzea. Izan ere, prestazio sozialak oso lotuta daude kontratupeko enpleguari

DBEtik harago, pobreziaren aurkako neurriak

Jakina, Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentak ezin du erreminta isolatua izan. Sorospena bermatzeaz gain, politika prebentiboak indartzea ere funtsezkotzat jotzen dute gizarte eragileek, besteak beste hezkuntza, lan merkatua eta etxebizitza arloa egokitzea, pobrezia gutxiago sortzeko. Era berean, pobrezia edo bazterkeria arriskuan daudenen sorospena ezin da diru-prestazioetara mugatu eta arreta jarri behar da gizarteratze neurrietan: herritarren garapen komunitarioa bideratzea eskatzen dute eragileek (inguruarekin eta ingurukoekin herritarrak duen harremana, sozialki duen rola, bere komunitatean duen zeregina…). Eta integrazio horretarako indartu beharreko tresna garrantzitsua gizarte zerbitzuak dira.

Lan merkatuari lotuta egongo ez den prestazioa

DBE berrikusten hasita, beste eskaera bat ere badute arlo sozial eta ekonomikoko eragile gero eta gehiagok: oinarrizko errenta hau egungo lan merkatuaren logikatik ateratzea. Izan ere, prestazio sozialak oso lotuta daude kontratupeko enpleguari; edo prestazioa jaso, edo kalitate gutxiko enplegu prekarioa da sarri alternatiba. Lan merkatu gero eta araugabe, ezegonkor eta prekarizatuagoan, egungo eskemak maiz pobreziatik ateratzeko balio ez duten enpleguak hartzera behartzen ditu herritarrak, diru-laguntzen menpeko ezin dutela izan argudiatuta. Gainera, lan merkatua antolatuta dagoen moduan, ez da gauza herritar guztiak barne hartzeko.

Prestazio sozialak enplegutik bereizi eta herritar guztiek oinarrizko errenta bat izateko eskubidea eztabaidagai dute, besteak beste, Finlandia, Herbehereak, Alemania eta Suitzan. Norabidea hori dela uste du hainbatek, oinarrizko errenta unibertsalerantz egingo duen gizartea. Planteamendu hori, gaur-gaurkoz, ez dago Jaurlaritzaren mahai gainean, baina gizarte gero eta orekatuagoa lortzeko neurrien alde egin beharko luke, denon ongizatea eta garapen soziala helburu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2017
Begira al dezakegu etorkizunera itxaropenez?

Joseba Azkarragak uste du badirela arrazoiak 2017a konponbidearen urtea izango dela pentsatzeko. Besteak beste, gehiengo berriak ikusten ditu Gasteizen, Iruñean eta Madrilgo legebiltzarretan eta hori baliatu behar dela dio.


Ildo politikoa bideratu presoak noraezean utzita

Egilea preso ohia da eta Langraitz bidea jorratu duten presoen taldekoa. Euskal preso politikoak espetxetik ateratzeko, lehenik ETA desagertu beharra ezinbesteko ikusten du. Urteroko manifestazio sinbolikoak “erritualak bihurtu direla” uste du.


Alderdi politikoak
EAJ-PSE: egonkortasuna ardatz, ezer alda ez dadin

EAJk eta PSE-EEk Eusko Jaurlaritzarako lotutako koalizio gobernuak azken legealdiko doinu lasaiarekin jantzi du datorrena ere. Aurrekoaren jarraikortasuna izango da nagusi. Ekonomia eta enplegua ardatz, EAJk azken urteetan saldu duen egonkortasuna indartzen saiatuko da bikote... [+]


2017-03-09 | Andeka Larrea
Titaniozko burbuila. Guggenheim Bilbao: 20 urte

Museoaren irekiera ikusgarritik hogei urte pasa direnean, planeta-estaldura mediatiko eta guzti, denborak ematen digun distantzia kritikoari esker bere kultura eginkizun eta esanahiaz hausnartzeko aukera paregabea irekitzen zaigu.


Asanblada eta kanpalekua. Politika, bestelako munduak sortzeko

Zergatik ez du Nuit Debout frantziarrak M15 espainiarraren irismenik izan? Elementu guztiak zeuden (eta daude) mahai gainean: alderdi sozialistaren beste eraso bat lan eskubideen aurka ("Loi travail"), egonezin sakona eta "zerbait gerta zedin" guraria giroan... [+]


Eguneraketa berriak daude