argia.eus
INPRIMATU
Aldak etxebizitza bat okupatu du Bidarten “operazio espekulatiboa” salatzeko
  • Elkarteak salatu du okupatutako etxebizitza 1.615.000 euroan erosi zela 2021ean, eta egun 2.980.000 euroAn saltzen dela. Okupazioak iraun bitartean, espekulazioak sortzen dituen arazoez mintzatu dira etxeko egongelan. Balkoian Espekulazioa: biztanleentzat etxebizitzarik ez. Euskal Herria ez da salgai! zioen pankarta bat zintzilikatu dute. Elkarteak, salmenten prezioa kontrolatzeko sei neurri proposatu dituzte.

Unai Lomana Uribezubia 2025eko maiatzaren 13a
Etxeko balkoian zintzilikatu duten pankarta. Alda elkartea

Aldak astelehenean Bidarteko (Lapurdi) etxebizitza bat okupatu du etxebizitza prezioen igoera salatzeko. Okupatutako etxebizitzak 1.615.000 euro balio zituen jabeak erosi zuenean, eta gaur gaurkoz, 2.980.000 euroan saltzekotan da. Hala balitz, jabeak izango lukeen irabazia 1.365.000 eurokoa litzateke, eta elkarteak azaldu duenez, egin diren inbertsioak baino handiagoa da hori. Halaber, etxebizitza honen atzean dagoen "arkitektura korporatiboa" salatu dute. 

Jabeak 2021ean erosi zuen etxebizitza, eta hori berriztatzea, higiezinak eskuratzen, berriztatzen edo eraikitzen dituen SNC jauregia enpresaren eskutik egin zuen. Bestalde, etxebizitzaren salmentaz arduratzen den eta okupazioaren inguruan prentsarekin aritu den Côte Ouest higiezinen agentziako gerentea, Aldaren esanetan, eta hori, SNC Jauregia eratu zuten sozietateetako baten sortzaileetakoa ere bada. Elkarteak zera adierazi du: "Arkitektura korporatibo horrek etekinak optimizatzera zuzenduriko transakzioak direla pentsatzeko duda gutxi uzten du". 

Aldako kide den Noël Ollarburu etxebizitzaren arazoez aritu da. "Zenbait dirudun" Ipar Euskal Herria "opor-herri bilakatzen" saiatzen ari direla ohartarazi du eta salatu du bitartean tokiko biztanleak etxebizitza izateko zailtasunak izaten ari direla. Gainera, azpimarratu dute dirudunek egiten dituzten "zenbateko ikaragarrien" salmentek, batez besteko prezioaren igoera orokorra dakartela, baita eskaintza gutxitzea ere. 

Etxean zirela, hitzaldia antolatu dute egongelan, eta ondasunen prezioen igoeraz zera esan du Aldako Malika Peyraut kideak: "Azken hamabost urteetan, Ipar Euskal Herrian salduak diren ondasunen %80 garestitu dira eta %36ko igoera nabarmena izan du, hots, prezioa %50 baino gehiago hazi da". Halaber, mahai gaineratu du alokairuaren prezioa mugatu den bezala, "etxebizitzen salmenten zenbatekoak arautu" behar direla orain. 2023an Ipar Euskal Herriko biztanleen %55 salmenta prezioa arautzearen aldeko zen, Peyrautek jakinarazi duenez.

Egongelan izan den hitzaldia. Alda elkartea

Aldaren sei neurriko proposamena

Sei dira elkarteak etxebizitzen prezioen igoerari aurre egiteko aurkeztu dituen proposamenak: eremu tentsiodunetako lur eta eraikinen salmenta prezioen bilakaera arautzea, erosi eta bost urte baino gutxiagora saldutako etxebizitzen salmentaren gainbalioa zergapetzea, bizileku nagusiaren iruzurrezko deklarazioak zigortzea, zerga sistema zorroztea, etxebizitzen iragarkietan erosi zeneko salmenta prezioa erakustera behartzea eta etxebizitzak gainbalioa lortu badu inbertsio publikoari esker, balio horren zati bat erakunde publikoetara itzultzea. Elkarteak jakinarazi du "prezioen bat-bateko goratzea geldiarazteko" proposamena zabaltzen jarraituko duela eta erabakitzaileei dei egiten jarraituko diela.