argia.eus
INPRIMATU
Alcala Mecon hildako bizkartzain ohiak euskal presoen egoera salatu zuen
  • Heriotza gertatu baino lehenago bizkartzainak berak idatzitako eskutitza eskuratu du Berriak.

Asier Gonzalez de San Pedro @asiertxiki98 2018ko abuztuaren 23a
Bizkartzainaren eskutitza (Argazkia: Berria)

Azkaratek berak aurkitu zuen Francisco Espinosaren hilotza esnatu zenean. Preso soziala zen eta aurretik ETAk mehatxatutako pertsonen bizkartzaina izan zen. Hernanin, Oreretan, Donostian eta Zarautzen egon zen lanean 1996tik 2003ra bitarte. Zazpi urte eta erdi zeramatzan kartzelan eta hilabete gutxi zeramatzan Azkarateren ziega kide izaten.

Berriak, hil baino lehenagoko eskutitza eskuratu du. Bertan azaltzen du euskal presoak beste presoekiko duten “elkartasunezko” harremana eta funtzionarioek euskal presoekiko duten jarrera salatzen du.

Azkaratek gertukoei azaldu dienez, Espinosa abuztuaren 17 goizean ziegan erori, garondoarekin lurra jo eta konorterik gabe geratu zen. Erizaindegira eraman zuten, eta lau kortxet jarri eta analgesikoak eman ostean, ziegara itzuli zuten berriro, medikuaren zaintzarik jaso gabe. Alcala Mecoko gehiegikeriak salatzearen ondorioa izan daitekeela esan dute Azkarateren gertukoek, gisa horretako salaketek “ondorioak” izaten dituztelako. Espetxe horrek “gutxieneko berme humanitarioak” betetzen ez dituela gaineratu dute.

Alcala de Henareseko epaitegiak heriotza ikertuko du, hainbat presok salatu egin baitute gertatutakoa.