argia.eus
INPRIMATU
Alberto Alonso (Gogora): “Txiki eta Otaegi ez dira erreferente; indarkeria, beldurra eta terrorea erabili zuten”
  • Aurten Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela 50 urteko beteko direnean, Alonsok adierazi du ETAko bi kideek ez zutela nahi Franco osteko gizarte demokratiko bat: "Diktaduraren aurka borrokatzen ziren, baina diktadurak erabilitako tresna berberekin".

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko abuztuaren 14a
Txiki eta Otaegiren olana, Zarauzko Azken Portuko plazan. Sortu

Irailaren 27an 50 urte beteko dira franskismoak Txiki eta Otaegi fusilatu zituenetik, FRAPeko beste hiru kiderekin batera. Bada, asteazkenean eta ostegunean bietaz mintzatu da Alberto Alonso Gogora institutuko zuzendaria, Europa Press berri agentziari eta Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketetan, eta adierazi du ETAko bi kideak "frankismoaren biktima" direla, baina hortik askatasunaren eta diktaduraren aurkako borrokalariak zirela esatera "urrats handia" dagoela: "Diktaduraren aurka borrokatzen ziren, baina diktadurak erabilitako tresna berberekin: indarkeria, terrorea eta beldurra".

Alonsoren ustez, Txikik eta Otaegik ez zuten nahi "Franco osteko gizarte demokratiko bat", eurek frankismoaren alternatiba gisa zuten proiektu propioa "inposatzea" baizik: "Ezin ditugu multzo berean sartu antifrankismoaren militantzian indarkeria erabili ez zutenak eta ETAko kideak". Izan ere, Gogorako zuzendariak adierazi du ezin direla "erreferenteak" izan gizartearentzat, "indarkeria eta terrorismoa" erabili baitzuten: "Hori ez da eredu. Badaude milaka euskaldun beste bide bat hartu zutenak, eta horiek badira erreferente".

Bi militanteen biktima izaeraz galdetuta, Alonsok biktima papera aitortu die: "Txiki eta Otaegi frankismoaren biktimak dira. Ez zuten epaiketa justu bat izan, ezta inolako berme juridikorik ere". Biktima gisa aitortzea eta omenaldiak egitea, ordea, "gauza ezberdinak" direla gaitzetsi du: "Biktimak dira, baina ez dira omendu behar". Gogorako zuzendariak salatu du ahalegin bat dagoela "ETA on baten eta ondoren ETA gaizto baten existentzia zuritzeko", baina gogorarazi du ETA "erakunde terrorista bat" izan zela sorreratik: "Haren hautua izan zen terrorea sortzea eta inposatzea". Alonsok jakinarazi du Gogorak, fusilaketen urteurrenaren harira, ekitaldia egingo duela irailaren 27an, baina ez dituela omenduko. 

Tirabirak Zarautzen

Txiki eta Otaegiren urteurrenaren harira, euren omenezko ekitaldien inguruko tirabirak piztu dira azken egunetan: ETAko bi kideak azaltzen ziren olana bat eskegi zuten Zarauzko zenbait ekintzailek joan den astean. EAJk eta PSEk osatutako udal gobernuak kentzeko agindua eman zuen, ingurumena babesteko zela arrazoituta, eta Sortuk salatu zuen Zarauzko Udalak Olana Santa Barbarako oinarrian utzi zuela "zaborra bezala". 

Olana kendu eta bi egunera, ordea, asteartean hainbat zarauztarrek olana berreskuratu zuten eta Azken Portuko plazara –Txikiren auzoa– eraman zuten, eta bertan argazki herritarra atera ehunka lagunek. Txiki eta Otaegi fusilatu zituztenetik 50 urte betetzen direnean, Sortuk adierazi du "ondo lotuta utzi zuten korapiloa askatzeko" unea dela. Gainera, aitortza instituzionala izan beharko luketela aldarrikatu dute, "frankismoaren aurka borrokatu zuten euskal herritar guztien" gisara.