Goizeko 2:30ean eta 5:10ean alarma piztu dute Gazara bidean doan Global Sumud Flotillak ontzietan, Israelgo armada hurbiltzen ari zela eta. Asteartetik asteazkenerako gauean "arrisku eremuan" sartu da Global Sumud Flotilla, Gazako kostaldetik hurbil, eta edozein unetan Israelgo armadaren erasoa gertatu daitekeela ohartarazi dute.
"Alarma luzeak jo du, horrek esan nahi du tropa sionistak gertu omen daudela. Denok igo gara txalekoekin branka aldera, eta nor bere herrialdera informazioa bidaltzen ari gara". Audio mezu hori bidali dio ARGIAri Global Sumud Flotilla ekimeneko euskal ordezkaritzako kide Itziarrek (ekintzaileek euren izen-abizenak ez ematea erabaki dute) Sirius-Haifa ontzitik, Gazako kostaldetik gertu, goizeko 02:30etan.
Beheko bideoan flotillako ontzietako batetik hartutako irudiak. Ikusten dena Israleko ontzi millitar bat da.
Antolakuntzak iragarria zuen asteartetik asteazkenerako gauean “arrisku eremuan” sartuko zela flotilla, alegia, Israelek aurreko flotillen aurkako erasoak egin dituen eremuan, eta erasoa gerta zitekeela. 04:00ak aldera jakinarazi du Itziarrek ontzi sionistak “urrundu” egin direla; “alarma maila jaitsi dugu momentuz”. Atseden hartzeko probestu dute lasaialdia, baina ez luzerako.
5:10ean alarma berriz ere piztu dutela jakinarazi du euskal aktibistak. “Duela ordu laurden alarmak jo du eta orain bai, ikusi dugu tamaina erdiko ontzi militar bat gure ontziaren inguruan bueltak ematen modu mehatxagarrian”. Jarraian “lantxa bat eta urpekari bat” ere begiztatu dituzte, eta internetik gabe geratu dira tarte batez. “Berriz ere urrundu dira”, adierazi du minutu gutxira. Ordutik, albiste hau osatzeko orduan, Israelgo militarrak ez dira flotillara berriz ere hurbildu.
Segidan, alarmak jo aurretik Itziarri egindako elkarrizketa:
Aurreko urteetan hainbat flotilla irten dira, denak gelditu ditu Israelek, atxiloketak izan dira, kanporaketak, baita hildakoak ere; aldi berean, aurtengo flotillak inoizko parte-hartze eta oihartzun handiena lortu du, eta Palestinaren aldeko mugimenduaren une indartsuenetako batean gaude. Zer giro dago zuen artean, eta zer aurreikusten duzue gertatzea?
Flotillak pairatu dituen erasoak pairatuta ere, begirada Gazan jartzen jarraitzen dugu; gure gorputz txuri pribilegiatu hauek jartzen ditugu ekintzaren zerbitzura. Azken finean, guri beldurra sartu nahian eta atzera egin dezagun hainbat abisu edo eraso bidali dizkigute, eta ez diegu kentzen daukaten garrantzia, baina guri suzko leherkari txikiak eta gasa jaurtitzen dizkiguten bitartean, zauriturik eragin ez dutenak, Gazan eta Zisjordanian egunero jendea ari dira hiltzen.
Israelgo komunikabideetan atera dute gaur atxilotuko gaituztela. Buke militar erraldoi bat ekarriko dutela esan dute, hemen gauden 500 pertsonak sartzeko. Baina mehatxuak mehatxu, branka Gazara zuzenduta segitzen dugu, gogotsu eta animotsu gure ekintza bururaino eramateko. Gero eta hurbilago gaude Gazatik, 150.000 kilometro ingurura, eta ekintza humanitarioa da gurea, nazioarteko uretan goaz, erabat legal.
Italia eta Espainiako gobernuek iragan astean iragarri zuten ontzi militarrak bidaliko zituztela, flotillari “laguntza” eta “babesa” emateko. Bertan daude?
Italiako Gobernutik esan zuten ez zigutela lagunduko arrisku eremura, beraz zertara etorri dira? Espainiako bukea, esan digutenaren arabera, asteazken arratsaldean etorriko da, baina lehenago atxilotzen bagaituzte, ez du zentzurik. Flotillatik salatu nahi dugu gobernuek, azken asteotako presioa ikusita, erabaki dutela irudikatzea hona laguntza bidali dutela, baina ez da benetako laguntza, historiarako beren aurpegia zuritzeko eta Israelekin dituzten harreman eta kolaborazioak ezkutatzeko saiakera baizik.
Balizko eraso baten aurrean, bestelako babes neurririk agindu dituzte estatuetako gobernuek edo euskal erakundeek?
Euskal erakundeetatik "perlak" baino ez ditugu jaso. Hor daude Aburtoren deklarazioak, Ukrainan orain egoera okerrago dagoela esanaz, edo sailburuak CAFi buruz esandakoak, ez dituztela leherkariak ekoizten… Bistan da PNVk zeinen alboan egotea aukeratu duen, genoziden alboan. Ezer gutxiago dut gehitzeko, eurek uzten dutelako agerian beren burua.
Gobernu eta instituzioez harago, herritarren konpromiso eta mobilizazioan jarri duzue fokua uneoro. Behin Gazako kostaldetik hurbil, “mundu mailako elkartasuna” inoiz baino beharrezkoagoa dela adierazi du ekimenaren antolakuntzak. Erasoa gertatzekotan, bada herritarrei egiten zaien proposamen edo eske zehatzik?
Israel bere holokaustoaren azken konponbidea ematen saiatzen ari da, Netanyahuk esan du argi eta garbi ustezko bake itun hori sinatuta ere bere lana amaituko duela, alegia genozidioa, eta larritasun eta alarma guztiak Palestinan jartzen ditugu. Euskal herritarrei, orain arte bezala, era eredugarri batean mobilizatzen jarraitzea eta preseski greba deialdiekin bat egitea eskatzen diegu. Eta elkarrizketa guztietan esaten duguna: boikot ekonomikoa Israeli. Herritarren presioari esker, gobernuak behartu ditugu hainbat neurri hartzera eta hainbat adierazpen egitera, eta oraindik urrun gauden arren, herritarron boikot eta presio hori da bidea.