argia.eus
INPRIMATU
Alarma egoera aurreikusitakoa baino luzeagoa izango da Espainiako Estatuan
  • Jose Luis Abalos Espainiako Garraio ministroak alarma egoera luzatu beharko dutela adierazi du. Egoera luzatzeak neurriak zorroztea ekarri dezakeela adierazi du, hala ere, neurri berriak ezarri beharra jendarteak orain ezarrita dauden neurriei egiten dien kasuaren araberakoa dela esan du.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko martxoaren 16a
Jose Luis Abalos Espainiako garraio ministroa.

“Argi dago egoera hau luzatu beharko dugula, ikusiko dugu nola, baina ez dut uste hamabost egunean borroka hau irabazi dezakegunik”, esan du ministroak RNEn, eldiario.es-ek jaso bezala. Bere aldetik, Grande-Marlaska Barne ministroak mugak ixtea “posibilitate erreala” dela adierazi du, eta goizean zehar erabakiko dutela.

Oraindik ez dago data argirik izurritearen amaierarako, baina Madrileko Autonomia Erkidegoko Gobernuak adierazi du uste duela apirilaren 15ean eguneko gaixotu baino sendatu gehiago egongo direla. Gobernu horretako osasun sailburu Enrique Ruiz Escuderok azaldu du martxoaren 25ean positiboen kopurua jaisten hasiko dela.

Kritikak Kataluniari

Martxoaren 15 eta 16an Espainiako alarma egoerako ministroek egindako agerraldietan gogor kritikatu dute Quim Torra Kataluniako presidentaren jarrera. Torrak alarma egoerak “konpetentziak inbaditzen” dituela uste duela adierazi du, Espainiako Gobernuari estatu osoko eskumena ematen baitio.

Margarita Robles defentsa ministroak jarrera hori kritikatu du, koronabirusa gai politikoa ez dela argudiatuz, eta horrelako jarrera duen norbait “bizitza publikotik kanpo” geratu beharko litzatekeela esanez. Berdin egin du Abalos garraio ministroak, proiektu politikoak “alde batera” uzteko deia eginez.