argia.eus
INPRIMATU
Konfinamendua apirilaren 26a arte luzatuko da Hegoaldean, baina alarma egoera gehiago
  • Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko lehendakariak larunbata honetan jakinarazi die gainerako lider politikoei erabakia, koronabirusaren krisia kudeatzen duen batzordean hala erabaki ondoren. Itxialdiak 15 egun gehiago jarraituko du, baina alarma egoera gehiago lurzatuko da, "hori bai, oraingo baldintzak aldatuta", iragarri du.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 04a
Pedro Sanchez, Espainiako Gobernuko lehendakaria. Argazkia: Moncloa.

Edozein modutan, Sanchezek erabakia formalki bideratzeko, lehenik asteartean Ministroen Kontseilura eraman beharko du eta honek horretarako baimena eskatuko dio Espainiako Kongresuari. Seguruenik datorren ostegunean egingo da bilkura Kongresuan eta honek horretarako baimena emango du, orain arteko eskaeretan moduan. Sanchezek iragarri du, halaber, oraingo jarduera ekonomikoaren murrizketa zorrotzak apirilaren 9ra arte iraungo duela, eta ondoren, egoerak ahalbidetzen badu, jarduera ekonomikoa berriz itzuliko dela martxoaren 30eko aurreko egoerara.

Espainiako Gobernuaren iturriek jakinarazi dutenez, kutsatuen gainak beherakoa hasten duenean itzuli nahiko litzateke apurka normalitatera. Joan den ostegunean, Salvador Illa Osasun ministroak adierazi zuenez, egonkortasun egoera hasita dago, nahiz eta oraindik hildakoen kopurua oso handia den. Bere esanetan, datorren astean ikusiko da hori ongi, orduan islatuko baitira hobeto martxoaren 30ean hasi zen konfinamendu trinkoagoaren ondorioak.Illak jakinarazitakoaren arabera, gobernua dagoeneko aztertzen ari da hainbat neurrien arintzea eta horien artean leudeke umeekin denbora zehatz batez kalera ateratzeko baimena edo etxetik kanpo kirola banaka egiteko aukera.

Larunbat arratsaldean, Pedro Sanchezek egin duen agerraldian, hainbat diziplinak biltzen dituen batzordea irekiera ekonomiko eta soziala egiteko plana prestatzen ari dela iragarri du, eta hau gaitzaren aurkako neurriekin batera gauzatuko dela. Alde horretatik, higiene neurriak, gaitza diagostikatzekoak eta gaitzaren jarraipenekoak ere iragarri ditu.

Sanchezen esanetan, Espainiako Gobernua Moncloako Itun berri batzuk ari da prestatzen eta horretarako hitz egingo du alderdi eta agente sozialekin. Europari begira, EBko estatuetako agintarien hurrengo bileran ere eurobonoen eskaera egingo duela iragarri du, Europaren elkartasunak ezinbestean hori posible izatea ahalbidetu beharko lukeelako.