Donostiako Giza Eskubideen XI. Zinemaldiaren baitan, Alardearen seme-alabak filma estreinatuko dute gaur arratsaldeko 19:00etan, Victoria Eugenia antzokian. Jone Karres eta Eneko Olasagastik zuzendua, emakumeek Irun eta Hondarribiko Alardeetan duten parte-hartzeari buruzko 75 minutuko dokumentala da eta ostegunean berriz emango dute, izan duen eskaera handia dela-eta.
Emakumeak Alardean parte hartzeak eragindako sentimenduak eta eztabaida aztertu ditu dokumentalak eta hiru zatitan dago banatuta: lehen zatian, Alardearen historia, egitura eta ezaugarriak azaltzen dira; bigarrenean, gatazkaren hasiera eta honek 90eko hamarkadan izan zuen garapena; eta hirugarrenean, gaur egungo egoera kontatzen du, festaren orainaz eta etorkizunaz gogoetatuz.
Dokumentalaren aurretik Pello Gutierrezek zuzendutako Abuztua film laburra (2013) eskainiko dute eta dokumentalaren ondoren berriz, solasaldia izango da zuzendariekin eta Xabier Kerexeta eta Ixabel Alkainekin (biak ere Alarde Publikoaren aldekoak).
Eneko Olasagastik Berria egunkarian kontatu duenez, dokumentalean azaldu nahi izan dute "kanpokoa izanda ere uler daitekeela Irunen eta Hondarribian gertatzen dena". Gaineratu du gustatuko litzaiokeela "dokumentala baliagarria izatea bi aldeek elkar ulertzeko", baina aldi berean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna "oso urrun dago oraindik. Ondorio hori atera dut".
Arrieta Metodoa
Ostiralera arte jarraituko du hilaren 19an abiatu zen Zinemaldiak. Aipagarria da larunbatean estreinatu zuten Arrieta Metodoa dokumentala, Jorge Gil Munarrizek zuzendua. Gorputzeko mugimenduak kontrolatzeko arazo batek elbarri utzi ondoren, begien mugimenduaren bidez airean letrak idatziz elkar komunikatzen diren ahizpen egunerokoa kontatzen du filmak. Honi buruz, Komunikatzeko beharraren abentura erreportajea kaleratu genuen Argian, baita ahizpen inguruko bideo-erreportajea ere.
Pelikulez gain, musika, tailerrak, mintegiak, erakusketak eta jolasak ere antolatu dituzte egun hauetarako.