Alarde parekidearen alde lan egiten duen Hondarribiko Jaizkibel konpainiak bere bandera eramatea proposatu dio Jaurlaritzari, irailaren 8ko alardearen desfilean.
Jaizkibelek alarde parekidearen aldeko jardunean babesa adierazi dieten instituzioak eskertu nahi ditu, tartean Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia. Hondarribiko Udala ere eskertzea nahi luketela, baina “emakume eta gizonen parekidetasuna babestu baino alardea pribatizatzea” nahiago izan duela azaldu du konpainiak.
Proposamena lehenik Iñigo Urkullu lehendakariari egin arren, “lanpetuta” egongo delakoan, Cristina Uriarte Kultura eta Hezkuntza sailburu hondarribiarrari eskaini diote bandera; nahiz eta honek, alarde mistoaren aurkako Alarde Fundazioari publikoki babesa eskaini zion iragan astean.
Izan ere, abuztuaren 17an Alarde Fundazioak egoitza berria aurkeztu zuen eta bertan antolatutako pintura erakusketan egon zen Uriarte sailburua.
Alarde Fundazioak “berdintasunaren aurka” egiteagatik EAEn legeztapena ez zuela lortu gogorarazi dio Uriarteri Jaizkibelek, eta Nafarroara joan behar izan zuela legeztapena eskuratzeko.
18 urte alderdi parekidearen alde
18 urte beteko ditu aurten Jaizkibel konpainiak alarde parekidearen alde lanean. Denen artean “askorentzat plastiko beltzen hira dena, berdintasunaren hiri” bilakatu dadin desio dutela adierazi du konpainiak.
Arartekoaren babesa ere jaso dute. Iñigo Lamarkak errespetua eskatu du Irungo eta Hondarribiko alarde mistoetan emakumeek desfilatu ahal izateko eta herri bietako alkateei esan die, aurtengo desfilean alarde parekidea babesten joan beharko luketela.