argia.eus
INPRIMATU
Alain Roussetek AHTa finantzatzeko proposamenari uko egin dio
  • Akitania Berriko eskualdeko presidente Alain Roussetek bertan behera utzi du AHTa finantzatzeko proposamena. Proiektura 5,6 milioi euro bideratzeko asmoa zuten. Erabakiaren alde agertu da EELV Europa Ekologia Berdeak alderdia.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko urriaren 25
Alain Rousset prentsaurreko batean Baionan.

Urriaren 24an Akitania Berriko eskualdeko kontseiluan AHTaren finantzazioa bozkatu behar zen. Bozketa egin aurretik, Alain Rousset presidenteak bertan behera utzi zuen proposamena. Hego-mendebaldeko trenbide sarea 5,6 milioi eurorekin finantzatzeko erabakia hartu behar zuten hautetsiek.

EELV alderdiak “garaipen” bat dela adierazi du. Aurretik, alderdiak proposamena baztertzearen aldeko deia egin zuen. Urriaren 23an, beto eskubidea erabiltzeko eskatu zien hautetsiei.

EELVko eskualdeko idazkari Jean Lisserren ustez, gaia bozketara eraman nahi izatea, abenduko hauteskundeen ondoren Rousseten Alderdi Sozialistak eta EELVk adosturiko akordioari bizkarra ematea da. Roussetek ekologisten babesa bilatu zuen hauteskundeetako bigarren  itzulirako eta akordioko puntuetako bat AHTaren finantzazioari ezetza ematea zen.

Egungo trenbideak berritu eta modernizatzearen aldeko apustua egin behar dela azaldu du EELV alderdiak. Bestalde, PSFn dauden iritzi kontrajarrien aurrean “erne” ibili beharko dutela aurreratu du.