Al Nakba

  • Amesgaizto batetik esnatzen gareneko itolarri sentsazioa bularraldean, irudika al dezake inork itolarri horrekin bizitzea, bizirautea. Irudika al dezake inork norbere herrian bertan deserriratzea, etxea utzi behar izan eta 70 urte luzez itzuli ezin izatea. Maiatzaren 15a Nakba edo hondamendiaren eguna da palestinarrentzat. Palestina ez da lokartzen, eta ez daude ametsetan, errealitate gordina dute parez pare eta begi bat ez, bi begi zabalik izanagatik ere makinaria sionistak kontrolatzen dizkie ametsak, loa, eta bizitza.


2018ko maiatzaren 16an - 09:04

‘Si canta Nablus, canta Palestina’ genioen Balatan gitarrak eskutan, hiriaren iparraldean dagoen Zisjordaniako errefuxiatu gunerik handienaren bihotzean. Yaffatik bortxaz alde egin behar izan zuten Balatako palestinarrek 1948ko maiatzaren 15 hartan, egun Tel Aviv den eta duela zazpi hamarkada euren hiria izan zen hartatik. Handik ez da itsasorik ikusten, Nabi Salehko muinotik ez bezala. Tamimitarrak lagun mediterranear itsasoa ikusteko aukera izan genuen Ramallahtik ordubetera dagoen Nabi Saleh herrian, bada denbora ez dutela oinik busti itsasertz horretan. Haien legea guretzat apartheid.

Munduaren aurrean demokrata, zibilizatu eta aurrerakoitzat agertu nahi duen israeldar estatu sionistak 1948a du mugarritzat, inperio yankeearen laguntzaz XXI. mendean oraindik aurrera darraien kolonizazio basati eta zapalkuntza aro oso bat ustez legitimatzen duen mugarria. Zilegi ez dena legez blindatu zuten urtea. Europako ateak parez pare zabalik ditu Gazan, munduko espetxerik handienean bizi diren palestinarrak fosforo zuriz bonbardatzen dituen israeldar estatu terroristak, etxeak eraitsi eta bizilagunak erailtzen, atxilotzen, torturatzen dituenak, “jenderik gabeko lurra, lurrik gabeko jendearentzat” lema banderatzat hartuta herri oso bat odolustea negoziorako bide bihurtu duen lobby sionistak.

Gu aldiz, negar gasen mende daudenak ez daudela oker bertatik bertara kontatzeko konpromisoan berresten gara, eta Aida Camp edo Balatako errefuxiatuen etxeetako giltzak eskuetan, noizbait haien etxeak izan zireneko ateak agian ez, baina jakin badakigu borrokarako ateak zabal ditzakegula elkarrekin egunerokoan bizirautea bera erresistentzia keinu den lurraldean. Askapena erakunde internazionalistak duela 20 urte bisitatu zituen palestinar lurrak lehen aldiz, eta ordutik elkartasunak ez du etenik izan, hamarnaka brigadisten begietatik ikusi eta ikasi ditugu Hebrongo eta Jerusalemgo alde zahar erdibituak, Nablusko hiri zaharra, II. Intifadan setiaturiko Aidako kale nagusia eta Haifako hondartzak. Asko eta askotarikoak izan dira brigada hauen helburu eta jardunbideak. Iaz, komunikabideetan agertzen ez den emakume palestinarren errealitate ikusezindua gertutik bizitzeko asmoz ipini zen martxan brigada feminista. Familia eta kideak zaintzera behartuak eta palestinar jendartearen zutabe, okupazioa dela-eta, sustengatzen duten etxea bera bihurtzen da gizon askoren botere gotorleku bakar eta emakume asko eta askoren kartzela. Biolentzia zirkular eta kartzela bikoitz honi aurre egiteko tresnak garatzen ari dira arabiar lurraldean.

Itzuleran, Euskal Herrira dakarkigun mezu argienetariko bat BDZ kanpainara atxikitzeko deia da. Hegoafrikako apartheid sistemaren aurkako borrokak argiturik, 2004. urtean BDZ kanpaina abiarazi zuten Palestinan: boikota, desinbertsioa eta zigorra. Israeldar estatuarekiko boikot herritarrerako deia egin nahi du, eta boikot politiko, akademiko, ekonomiko, zein kulturala bultzatzea du xede. Blokeo eta harresien aurka, herri erresistentzia.

Gaur olibondo erauzi bakoitzak askatasun hazi bat erneko du hondamendira kondenatu nahi duten lurrean. Horixe baitira efemerideak, oroimenean zauri, eta borrokarako bideak.

STOP Apartheid, yallah Palestina! Yallah herri askeak!

Maddi Gallastegi, Palestinan izandako Askapenako brigadista

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude