Hildako kazetarietako bat Anas al-Sharif da, palestinarren genozidioa zerrendatik kontatzen dutenen artean ezagunenetako bat. Al Jazeera hedabideak adierazi du Israel errudun dela Gazako sarraskia barnetik azaleratzen duten kazetariak nahita hiltzeagatik, eta horrela sarraskia erakusten dutenen ahotsa isilirazteagatik. Benjamin Netanyahuk Gaza hiria okupatzeko asmoari eutsi dio, "gerrari amaiera emateko modurik azkarrena" dela iritzita.
Gazatarrak soilik ez, genozidioa Gazako zerrenda barrutik munduari kontatzen dieten horiek ere hiltzen jarraitzen du Israelek: Gaza hiriko Shifa erietxearen ondoan zegoen kanpaleku bati eraso egin ostean, zazpi lagun hil dituzte Israelek jaurtitako bonbek igandean, tartean Al Jazeera hedabideko bi kazetari eta hiru argazkilari. Hildako kazetarietako bat Anas al-Sharif da, 2023ko urriaren 7az geroztik palestinarren aurkako oldarraldia zerrendatik kontatzeagatik ezaguna egin dena. Honakoa idatzi du sare sozialetan Israelek hari eta haren lankideei eraso egin aurretik: "Israelek Gaza hiriaren aurkako erasoaldia areagotu du".
Israelek bonbardaketen ondorioz hil ostean, haren "azken mezua" argitaratu dute sare sozialetan: "Hitz hauek iristen bazaizkizu, jakin ezazu Israelek ni hiltzea eta nire ahotsa isilaraztea lortu duela". 1996ko abenduan Jabalia errefuxiatu kanpalekuan jaio zenetik, palestinarren ahotsa izateko zuen "indar eta esfortzu guztia" egin duela adierazi du: "Mota guztietako minez bizi izan naiz eta askotan sufritu dut, baina inoiz ez diot uko egin egia den bezala azaltzeari". Gainera, jainkoari eskatu dio Gaza ez ahaztea, eta ez uztea "kateek eta mugek" haren ahotsa isilarazten.
This is my will and my final message. If these words reach you, know that Israel has succeeded in killing me and silencing my voice. First, peace be upon you and Allah’s mercy and blessings.
— أنس الشريف Anas Al-Sharif (@AnasAlSharif0) August 10, 2025
Allah knows I gave every effort and all my strength to be a support and a voice for my…
Ohar batean, Al Jazeerak adierazi du al-Sharif eta haren lankideen hilketa Gazako sarraskia azaleratzen dutenen ahotsa isiltzeko saiakera bat dela: "Israelgo Gobernua eta indar okupatzaileak errudun dira kazetari palestinarrak nahita hiltzeagatik". Qatargo hedabideko bost langileen heriotza gehituta, 2023ko urriaren 7az geroztik Israelek 238 komunikatzaile hil ditu Gazako palestinarren aurka eginiko erasoetan. Al-Sharifen heriotzaren egiletza aitortu ondoren, Israelgo armadak leporatu dio kazetariari Hamaseko brigada baten buru izatea eta "soldadu israeldarren eta Isralego biztanleen" aurkako aire erasoak gidatzea.
Netanyahuk Gaza hiria okupatzeko asmoa berretsi du
Israelgo Segurtasun Kontseiluak ostiralean onartu ostean, Benjamin Netanyahu herrialdeko lehen ministroak igandean adierazi du Gaza hiria osorik okupatzea "Hamasen aurkako gerrari amaiera emateko" modurik "azkarrena" dela: "Hamasek armak uzteari uko egin dionez, Israelek ez du beste irtenbiderik harekin amaitzearekin baino". NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseilua bildu aurretik, Netanyahuk prentsaurreko batera deitu "azken egunetan zabaldutako zurrumurruak" gezurtatzeko, eta azaldu du Israelek militarki kontrolpean duela Gazaren %70 eta %75 artean.
Gaza hiriaren okupazio militarraren nondik norakoez galdetuta, Israelgo lehen ministroak adierazi du hiri horretan dauden zibilei –milioi bat inguru daude gaur egun– "izendatutako eremu seguruetara" alde egiten utziko diela, eta eremu horietan elikagai ugari nahiz osasun arreta eskainiko zaizkiela. Gainera, Netanyahuk esan du gezurra dela Israelek Gazara bidalitako laguntza humanitarioari blokeoa ezarrita diola: "Gerra hasi zenetik, gure asmoa izan da Gazan krisi humanitario bat saihestea: Hamasen asmoa, ordea, krisi bat sortzea izan da".
Palestinaren aldeko mobilizazioak egin dituzte Donostian eta Iruñean
Euskal Herriko hiri ugari jai giro betean murgilduta, Israel Gazako palestinarren egiten ari den genozidioa salatzeko mobilizazioak egin dituzte asteburuan Donostian, Iruñean eta Bilbon, Palestinarekin Elkartasuna, Yala Nafarroa eta Bilbo-Palestina Herri Ekimena plataformek deituta, hurrenez hurren. Donostian, Boulebarretik abiatutako manifestazioan bildutako milaka lagunek babesa erakutsi diote Palestinar erresistentziari, eta Mendebaldeko gobernuek genozidioan duten konplizitatea gaitzetsi zuten: gogorarazi zuten Gaza 2005etik dagoela "setio etengabean", haien babesarekin.
Iruñean, berriz, Baluarte ondotik abiatu da Yala Nafarroak deitutako mobilizazioa, Israelekin harreman oro eten, konplizitatea stop! lelopean. Bilboko Plaza Biribilean ere, hiriko jaiei ekiteko egun gutxi falta direla, larunbatean nagusi izan ziren palestinaren aldeko mezuak, Bilbo-Palestina Herri Ekimenak deitutako elkarretaratzean.