Akusatuen aulkia bete beharra zegoen

  • Baziren arrazoi sendoak pentsatzeko Egunkaria auzia ez zela ahozko epaiketara iritsiko, baina azkenean epaiketa egingo dela ebatzi du Javier Gomez Bermudez epailea buru duen Auzitegi Nazionaleko penal arloko lehenengo salak. Martxelo Otamendi, Iñaki Uria, Juan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi eta Xabier Oleagak, beraz, ahozko epaiketari egin beharko diote aurre. Egunkaria itxi zela sei urte iragan ondoren, akusazioa biziki ahuldu da urtez urte, baina denak adierazten du nola-hala akusatuen aulkia bete egin behar zela.


2009ko abuztuaren 03an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:02

Ebazpen honen albiste onak Pello Zubiria eta Xabier Alegriarentzat dira, auzitik kanpo uzten dituelako. Zubiaren kasuan bere aurkako akusazioa iraungitzat jo duelako eta Alegriarenean, oraingo akusazio beragatik epaitua eta zigortua izan zelako 18/98 auzian eta, delitu beragatik inor ezin delako bi aldiz epaitua izan. Xabier Alegria 12 urteko espetxe zigorra betetzen ari da gaur egun.

Egunkaria auzia ixteko bi arrazoi jarri zituen defentsak mahai gainean, lehena prozedurari dagokiona eta bestea mamiari. Prozedurazkoan argudiatzen zuen, herri akusazioak bakarrik eskatzen zuela ahozko epaiketa egitea (AVT eta Dignidad y Justicia) eta Botin auziaren doktrinari jarraituz, auzia artxibatu egin behar zela.

Baina Auzitegi Nazionalaren ebazpen honek Espainiako Auzitegi Gorenak Atutxa auziari heltzen dio eta honetan esaten zen, delituaren izaerak justifikatzen duela honek interes orokor edo publikoari eragiten dion. Egunkaria auzian delitua talde armatuari lotua dagoela,   horrek interes sozial eta publikoari eragiten diola eta, beraz, akusazio fiskalik gabe - teorian interes publikoaren akusazioa- herri akusazioekin bakarrik ere jarrai daitekeela epaiketa, delitu mota honetan hauek interes publikoa ere ordezka dezaketelako.

Mamiari dagokionez, defentsak argudiatu du 18/98 auziko Ekin atalean ETAren “fronte mediatikoa” epaitua izan dela jada -Areago, Xabier Alegriaren deklarazioa bera delituaren froga gisa aurkezten dela-, eta, beraz, ustezko delituak epaituak baldin badaude auzia itxi egin beharko litzatekeela.

Autoak erantzuten du esanez, prozedura aztertzen ari den une honetan, defentsak mamiaz erabakitzea eskatzen diola eta ez dela orain horretarako unea. Salaketaren mamia ahozko epaiketan aztertu behar dela, horretarako beharrezko diren froga guztiak aztertuz.

Eta bai, frogak ahozko epaiketan ikusi beharko dira. Berri txarra auzipetuta jarraitzen dutenentzat, injustizia bat gehiago, batez ere auzia ixteko argudioak eta aukerak oso sendoak zirenean. Epaiketari begira jada, azpimarratzeko da akusazioa oso ahul geratzen dela fiskala erretiratu eta herri akusazioekin bakarrik. Euskal gizartearen gehiengo zabalak badaki auziperatuak ez direla ETAko kideak. Badaki iruzur honen nondik norakoez. Baina hori Auzitegi Nazionala moduko salbuespen epaitegian frogatu beharko dute defentsek. Eta badituzte horretarako tresna sendoak, besteak beste, 18/98ko epaia bera eta epai honi Auzitegi Gorenak emandako erantzuna. Delituak epaituak daudela jada, orain auziaren itxiera eskatzeko erabilitako arrazoi bera -eta sala honek ez aztertzea erabaki duena- izango da argudio nagusienetakoa epaiketan bertan ere.

[Albistea eta Auzitegi Nazionalaren autoa (PDF) ARGIA.com-en: Auzitegi Nazionalak ez du 'Egunkaria auzia' itxiko]

[Sartu Xabier Letonaren blogera]


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude