Zinemaldi eder honi amaiera emateko, Jay Kelly ikusi dut, Noam Baumbachek zuzendu eta George Clooneyk protagonizatu duen pelikula. Bertan Jay Kelly izeneko aktore asmatu baten bizitza kontatu da, Hollywoodek sorturiko famatu generikoaren erretratu. Film honetan, Jay ikusi dugu pelikula bateko grabaketa batean, azken eszena antzezten. Ondoren, ia jarraian lan gehiago egin behar zuela eta, estutasun handia pairatu, eta hurrengo pelikulan lanean ez hastea erabakitzen du, bat-batean pelikuletatik kanpo bizitzarik ez duela sentitu duelako.
Jay aberaskilo egozentriko gisan aurkeztu dute: atsegina eta edukatua, noski, baina ez benetan pertsona ona delako. Horregatik, pixka bat kostatu zait pertsonaiaganako enpatia sentitzea. Momentu batzuetan, bakarrik sentitzen zen gizon bat ikusten nuen, baina, bere egoaren ondorioz, bere ingurukoei garrantzia ematen ez ziena. Ziur nago halako protagonista bat eraiki nahi zutela gidoilariek, baina niri berarekin konektatzea zaila iruditu zait.
Traman zehar, flashback batzuen bitartez –oso dotoreak, esan beharra dago– Jayren bizitza ikusiko dugu garatzen: nola bere oroitzapen gehienak filmaketekin lotuta dauden eta nolako eragina izan duen horrek bere familian, eta baita bere izaeran ere, “norbera izatea delako antzezten zailena”, bere hitzetan. Gainera, zinemaren aldeko aldarri edo oda bezala ere interpretatu dut, nahiz eta ez zaidan izugarri efektiboa iruditu gaia tratatzeko modua: Babylon filmak, esaterako, hobeto transmititzen du ideia hori, nire ustetan.
Horiek horrela, ez zait hain film borobila iruditu. Pelikula atsegina, ondo idatzia eta ikusterraza da, baina ez bereziki gogoangarria. Amaieran gustura geratu naiz, bai, baina jarraitzeko erraza eta produkzio maila handikoa zelako; ez, preseski, sakontasun handia zuelako. Uste dut harrera ona izango duela hala ere, izatez, ondo gauzatutako lana denez gero.