Aktibisten ezinegonak bildu, eta horiek kolektiboki lantzeko gida bat sortu dute zenbait aktibistek. Besteak beste, estresa, beldurra, frustrazioa eta nekea landu dituzte.
Sare sozialetan bolo-bolo dabil Osasun mentalaren autogestioa, aktibismoaren testuinguruan izeneko gida. Kolektiboan eginda dago, eta sinatu gabe doa. Gidaren xedea da militantzian sortu daitezkeen ezinegonak prebenitzeko edo sortzen diren ezinegonak kudeatzeko baliabide bat izatea. Horretarako, aktibisten artean inkesta bat pasa zuten militantziari loturiko ondoezak jasotzeko. Ostean, psikologiako profesionalei beste inkesta bat bidali zieten egoera horiei aurre egiteko tresnak biltzeko.
Asko dira aktibistak aipatu dituzten ezontsak; hala nola estresa, gaindituta sentitzea, akidura, amorrua, egiten ari direna ez dela aski edo ez duela deusetarako balio sentitzea, frustrazioa, motibazio falta, gelditzeko eta isolatzeko beharra, eta antsietatea. Gidaren bidez horiek guztiak lantzeko tresnak eman nahi izan dituzte. Hala ere, kontuan hartu behar da gidan agertzen diren baliabideak baino gehiago daudela, eta pertsona eta kolektibo bakoitzak identifikatu behar duela zerk egiten dion ongi eta zerk ez.
Asko errepikatzen den ezinegonetako batzuk dira estresa, akidura, ardurek gainezka egiten dizutela sentitzea eta helburuetara ez iristearen sentsazioa. Gidak dio horrelako egoera batean, garrantzitsuena dela gelditzea eta identifikatzea zer gertatzen zaizun eta zer behar duzun: “Gure benetako baliabideetatik egin behar dizkiogu ekarpenak aktibismoari, ez soilik gure desiretatik”.
"Momentuan daukagun egoeraren araberako helburuak finkatu behar ditugu edo erronka handi bat erronka txikiagoetan zatitu"
Seinaleak entzun
Gidak gomendatzen du seinaleei kasu egitea. Adibidez, aztertzea zenbat lan-karga duzun orokorrean; lanean, militantzian, zaintzan eta bestelakoetan zenbat ardura dituzun, eta horiek gutxitu daitezkeen edo ez. Militantziako esparruei dagokienez, taldekideekin hitz egitea eta lana birbanatzea lagungarria izan daiteke: “Momentuan daukagun egoeraren araberako helburuak finkatu behar ditugu edo erronka handi bat erronka txikiagoetan zatitu”.
Beste neurri batzuk ere hartu daitezke, hala nola beharrezkoa bada gelditu, kideen artean babesa bilatu, errebisatu sinesmenak eta erronkak, eta eredu kapitalistatik aldendu: “Errebisatu behar duzu ea kapitalismoaren narratiban erori zaren, eta super-produktibitatea bilatzen duzun militantzian”.
Borrokak luzeak dira oso, eta bidean gerta daiteke sentitzea militantziak zentzurik ez duela edo ez duela deuserako balio. Gidaren arabera, garrantzitsua da helburua lortzeko bidean, lorpen “txikietan” arreta jartzea eta prozesuan konfiantza izatea: “Batzuetan ez dugu ikusten, baina ereitea, berez, garrantzitsua da”. Gaineratu dute indibidualismotik ateratzeko beharra dagoela, pertsona bakar batek edo gutxi batzuek ezin dutelako dena egin. Gainera, horrek motibazioa galtzera eraman ditzake taldeko militanteak; horregatik, borrokan jarraitzeko beste bide “interesgarriagoak” bilatzea lagungarria izan daiteke.
Poliziaren indarkeriak militanteengan eragiten dituen kalte psiko-emozionalak ere lantzen ditu gidak. Adibidez, infiltrazio baten ostean mundu guztiarekiko konfiantza galtzea. Horrek eragin dezake pertsona guztiekiko mesfidati izatea, eta horrek arazoak sortu ditzake ez bada errealitatera egokitzen: “Zoritxarrez, ez dago gure esku beste pertsona batzuk gezurretan ibiltzea. Eta neurri asko hartu arren, zaila da identifikatzea. Hala ere, horrek ez du esan nahi oinarrizko neurriak hartu behar ez ditugunik”. Horrekin batera, Polizia etxean sartzeak, atxiloketek eta horrelakoek ere segurtasunik eza, amesgaiztoak eta zaurgarritasun sentsazioa eragin dezakete. Taldeko kideekin hitz egiteko espazioak sortzea lagungarria izan daiteke.
Mugak neurtu
Ezinegon horiek guztiek taldearen dinamikan eragiten dute, horregatik gomendatzen dute errebisatzea nola banatzen ari diren ardurak, taldeak zer-nolako energia edo indarra daukan, ea taldeak ahal duena baino gehiago hartzen duen eta zer-nolako komunikazio kanalak daude. Horiek guztiak partekatzeko komunikazio espazioak eta dinamikak sortu daitezke. Beti ere, elkar entzunez, errespetatuz, epaitu gabe eta elkarri laguntza eskainiz.
Norbere mugak identifikatzea ere lagungarria izan daiteke. Baina nola jarri mugak? Gidaren arabera bi gauza hartu behar dira kontuan: “Identifikatu behar dut zeri ez diodan uko egin nahi eta zer ez dudan egin nahi”. Horiek identifikatu ahala, “errazagoa” izanen da jakitea zerk eragiten dizun osasunean, kaltegarriak diren zein ekintzetan edo gauzetan parte hartzen duzun, eta beste gauza asko. Beste kide batek muga horiek jarriko balitu, norberaren erreakzioa zein izanen den pentsatzeak, besteen erreakzioarekiko beldurra arintzen lagundu dezake.
Hala ere, gidak dio beti ez dela erraza beharrak, mugak eta ezinegonak identifikatzea. Horregatik, gomendatzen dute norberak ezin duenean, ingurukoei laguntza eskatzea edota ahal delarik, laguntza profesionala eskatzea.