argia.eus
INPRIMATU
UDALERRI EUSKALDUNAK JOMUGAN
Aktak euskara hutsean bidaltzea zilegi dela ebatzi du EAEko Auzitegi Nagusiak
  • Aramako Udalaren kasuan hartu du erabakia. Hala, Irurako aurrekaria osatu eta behin betiko epai irmoa emanez, irizpidea ezarri du gainontzeko auzientzat.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko ekainaren 07a
"Euskaraz plazak bete" manifestazioa. Argazkia: Prest Aldizkaria

Erabat legezkoa da udaletako aktak euskaraz bidaltzea. Hala ebatzi du EAEko Auzitegi Nagusiak Aramako Udalaren auzian, Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren helegitea baztertuta. Gauzak horrela, Irurako Udalaren aurrekaria osatu eta behin betiko epai irmoa eman du, gainontzeko auzietarako balioko duena.

Epaiaren arabera, dokumentazioa gaztelera hutsean bidaltzea bezain legezkoa da euskara hutsean bidaltzea, administrazio publikoa euskaraz jakitera behartzen baitu Euskararen Legeak. Gainera, dio Estatuak EAEn dituen erakundeek bertako hizkuntza ofizialetako bat kontuan ez hartzea, eta hizkuntza horretan aritu ahal izatea ez bermatzea, “legearen inguruko benetako zentzugabekeria” dela.

Bide luzearen amaiera

Espainiako Gobernuko ordezkari Carlos Urquijok Arama, Bergara, Elgeta eta beste zenbait udalerriren aurka Donostiako Lurralde Auzitegian jarritako salaketak ireki zuen auzia. Alabaina, auzitegiak udalerriei arrazoia eman eta aktak euskara hutsean bidaltzea legezkoa zela ebatzi zuen. Horrez gain, abokatuen eta prokuradoreen ordain-sarien kostuak ordaintzera zigortu zuen Espainiako Gobernuaren Ordezkaritza.

Orduan, helegitea jarri zuen Urquijok EAEko Auzitegi Nagusian, eta ekainaren 3an iritsi zen epaileen erantzuna: Aramako Udalari arrazoia eman eta helegiterik onartzen ez duen epaia ebatzi zuten.

“Oztopoz betetako bide luze honi amaiera ematen dio. Benetan albiste ederra da”, azaldu zuen Josu Labaka Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakariak.