argia.eus
INPRIMATU
Akordiorik ez Nafarroako hezkuntzako lan eskaintza publikorako
  • Nafarroako Gobernua babesten duten lau alderdien artean ez dira adostasunera iritsi. Gobernuak orain aurrera segitzeko asmoa duela iragarri du eta "aproposena" eginen duela esan du.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2016ko urtarrilaren 19a
Jose Luis Mendoza Hezkuntza kontseilaria Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuran. Arg:parlamentonavarra.com

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra batzartuta izan ziren bart Gobernuak aurkeztua duen Lan Eskaintza Publikoa aztertzeko. Akordiorik ordea ez dute lortu. Hezkuntzan Lan Eskaintza Publikoa eta oposizioak izan behar direla denok uste dute baietz, desadostasunak sortzen dira plaza kopuruari dagokionez: deialdian euskarazko eredurako egiten den eskaintza "proportzio gabekoa" dela uste duelako Izquierda-Ezkerrak eta Podemos-Ahal Dugurentzat gaztelaniazko eredurako plaza "gutxiegi" dago. Gobernuak dio, elkarrizketa eta proposamenen aldia izan dela baina orain Gobernuari berari dagokiola erabakia hartzea eta "aproposena" iruditzen zaiona eginen duela. Hala esan du Jose Luis Mendoza Hezkuntza kontseilariak.

Irakaskuntzako lan eskaintza publikoarekin aurrera segituko duela iragarri du Gobernuak: "Denok gaude oposizioak egitearen alde". 228 postu euskaraz eskainiko lituzkete Hezkuntza Departamentuak iragarria duen lan eskaintza publikoarekin eta 92 izanen dira gaztelaniaz.

[Albiste hau lizentzia libreari esker ekarri dugu hona, testu originala Euskalerriairratia.eus-en webgunean aurkituko duzu]