Sei hilabete bete dituzte Gasteizko lorezainak greba mugagabean. Hamaika mobilizazio eta Enviser enpresarekin zein Udalarekin eginiko bilera batzuen ostean “epe laburrean” akordiorik lortu ezean borrokarako fase berri batean sartuko direla iragarri dute langileek. Enviser Estatu Batuetako inbertsio-funts putre baten esku dagoen azpikontratatutako enpresa bat da.
2025eko otsailean hasi ziren Enviserreko langileak lehen mobilizazio-dinamika egiten lan-hitzarmen propio eta duinaren alde. Hain zuzen, kexu agertu ziren lorezaintzako Espainiako Estatuko lan-hitzarmena aplikatzen zietelako eta honek ez zituelako asetzen hemen bizi diren langileen beharrak, adibide bezala jarriz soldatek ez zutela lanbidearteko gutxieneko soldata gainditzen. Ondorioz, bertako egoera sozioekonomikoan oinarritutako lan-hitzarmen bat eskatu zioten Gasteizko Udalari eta honek azpikontratatutako Enviser enpresari.
Azken enpresa honen harira, sindikatuen batzordeak azpimarratu izan du lorezaintzaren kudeaketa egiten duen enpresa hau AEBko inbertsio-funts baten esku dagoela, eta horrek, sindikatuen ustetan, negoziazioan aurrerapausoak ez ematearen arrazoietako bat azaltzen duela.
Uztailaren 30ean izan zen azken bilera eta sei hilabete pasa diren honetan ez da akordiorik lortu langileen eta udal eta enpresaren artean eta greba-mugagabeak bere baitan jarraitu du. Egoera honen aurrean urriaren 1ean langile biltzarrak prentsaurrekoa egin zuen. Bertan adierazi zuten grebari amaiera emateko “proposamen egingarri eta arrazoizkoa” proposatu ziola enpresari eta akordiorik ezean borrokaren fase berri batean sartu zirela, hau da, gose greba hasteko prest agertu ziren. Gauzak horrela, hurrengo astelehenerako LHKn bilera aurreikusi da langileen eta enpresaren artean.
Hasierako mobilizazioen ostean eta langileentzako egoera “jasan ezina” bilakatu zenean ELA, ESK eta LAB sindikatuek greba mugagabea deitu zuten. Martxoaren 26an egin zen lehen greba egunean ESK sindikatuak adierazi zuen %90 inguruko jarraipena eduki zuela eta soilik bi aste eta erdiko antzinatasuna duten langileak eta enpresako arduradunak ari zirela lanean.
Greba mugagabea hasi zenetik 42 egun igaro zirenean bildu ziren Gasteizko Udalarekin lehengo aldiz. Lehengo hurbilpena egon arren grebarekin jarraitzea erabaki zuten langile batzordeak. Aitzitik, tentsioa handitzen joan zen Jaurlaritzak lorezaintza zerbitzua “zerbitzu minimo” gisa izendatu zuenean “berdegune batzuen eta zenbait hiri bideren egoera arriskutsuagatik”. Erabaki horren ondorioz, greban zeuden arren, langile batzuek lanean mantendu behar zutela erabaki zen, bereziki, Eraztun Berdea delakoaren eta parke nagusietako mantentze-lanak burutzeko. Hiru sindikatuak eta langileak erabaki honen aurka agertu ziren eta kaleetako tentsioa areagotu zen, eta piketeetan Ertzaintzarekin ika-mikak izan zituzten.
Grebaren eta honen konponbideen harira ARGIAk ELAko aholkularia Andoni Castro Vivasekin hitz egiteko aukera izan zuen. Hiru hilabeteen ostean akordio ezaren zergatiaren harira “udalak eta enpresak elkarri pasatzen diote pilota” gaineratu zuen, gainera, “kontratazio baldintzen akordioa 2023tik 2027ra bitartekoa da. Udalak argudiatu du haiek ezin direla sartu, negoziazioa enpresarekin egin behar delako. Enpresak esan digu lau urte horietarako egin zen lizitazioan oinarrituta ez dela langileek aldarrikatzen dituzten soldata igoerak beren gain hartzeko gaitasunik.”