argia.eus
INPRIMATU
Ajangizko herrian
  • Musika gustuko duenarentzat etxean dituen CD, kaset edo biniloak, txikitatik  erreferentzia zuzenak dira (adi, gurasoak, etxean duzuenarekin!). Gure etxean, aspalditik,  Oskorriren hiru binilo ditugu, eta horietako bat 1987ko “15 urte…eta gero hau” zuzenekoa da, 15. urteurrena ospatzeko grabatutakoa. 

Julen Leuza @JulenLeuza 2013ko otsailaren 26a
Oskorri 'Aresti bizsitan' kontzertuan. Naiz.info

Diska honetan taldeak bere kantu ezagunenak (Euskal Herrian Euskaraz, Furra Furra, Aita Semeak, Bizkaiko Aberatsak…) baztertu eta “Mozkorri” izeneko popurrian sartu zituen azken kantuan, nonbait Oskorriren hasierako kantei indar gehiago (garrantzia gehiago) eman nahi zieten. Diska hartan betirako geratu ziren ondoren jo izan ez dituzten kanta asko, eta horietako gehienek Gabriel Arestiren hitzak dute oinarri.

26 urte geroago, Berria ireki eta Oskorrik bere hasierako kantekin beste bira bat egingo duela irakurri nuen, errepertorioan Arestiren hitzak edo poetarekin nolabaiteko harremana duten kantak. Egiaren aitortzeko ez nuen uste bira hau inoiz iritsiko zenik, zer dela eta orain bira hori? Gaurkoan ez dut kanta horiek erreskatzeko arrazoiez hipotesirik eginen. Hori bai, bitan pentsatu gabe sarrerak erosi eta Tolosara joan ginen, 21-22 urteko hiru gazte, zer eta Oskorri ikustera. Bagenekien ez zela betiko Oskorri hura izango, eta ez geunden oker.

Lehenengo hiru diskoetako eta frankismoan zentsuratuak izan ziren kantekin ateratako “…eta Oskorri sortu zen” diskoko kantekin osatu zuten errepertorioa: Agur Jaunik, Zeren Esperoan Dago, Laugarrenez Nerea Etorkizunaren Aurrean, Adela, Oinaz eta Ganboa, Badakizu Non Nagoan, Emazurtz, Maite Dugu Mundua, Gora Ta Gora Beti, Bizkaiko Aberatsak, Oskorri, Preso Gaudenon Ahoetatik, Guretzat eta Astoarena, hauek guztiak Arestiren hitzekin. Horiez gain, Arestik egokitutako Bernat Etxepareren Mosen Bernat Etxepareren Kantua eta Sautrela, Mikel Zarateren hitzak dituenAita Semeak, F.M. Iturzaeta bertsolariaren Gosetea, Eibarko forjariei entzundako Forjarien Kanta, eta amaitzeko, Arestiren eta Jon Sarasuaren hitzak tartekatuz, Egia Da.

Hasierako kanta hauek askotan entzun baina zuzenean gozatzeko aukera sekulan izan ez dugunontzat luxua izan zen ostiralekoa. Luxua errepertorioa eta luxua formazio akustikoa ere (Natxo de Felipe gitarrarekin). 1987ko disko horretan protagonismo handia duten baxua eta Bixente Martinezen Stratocaster-a desagertuak, hasierako Oskorriren formazioa berreskuratu zuten eta kantuak oso modu txukunean eman zituzten. Kantaren bat faltan bota genuen, konparazio batera Maldizio Betikoa edo Kristo Ni Eta Gizonak.

Joseba Tapiak bere Real Politik (2006) diskoko liburuxkan zera dio: “Ezin da Oskorri Aresti gabe ulertu, ezta Aresti Oskorri gabe ere”. Agian poeta bilbotarraren fan ortodoxoek ez dute hala pentsatuko, baina poesia irakurtzea zaila egiten zaigunontzat ezinbestekoa izan daiteke poema bat musika egoki baten laguntzaz entzutea bere espiritu eta xarma ulertu eta sentitzeko. Niri behintzat Arestiren poesiarekin hori gertatu zait, Oskorriren laguntzari esker. Ostiralean, poetaren obra eta taldearen musika hobeki ezagutzeko aukera izan genuen, eta kanten aurretik Natxok eman zituen azalpen eta kontakizunek erru handia izan zuten horretan. Ez zuten kantua jo, baina Tolosa Ajangiz bihurtu zen ordu eta erdiz. Ez agurrik, jauna(k).

Artikulu hau Julen Leuzaren Zenonen Larraindantza blogetik hartua da. Bertan kulturari buruzko artikulu gehiago topatuko dituzu.