1981ko Durangoko Azokan kaleratu zen Aizu! aldizkariaren 0 zenbakia. Orduz geroztik 25 urte pasa dira jada eta 312. zenbakia ibilbide oparo horren isla da. Atzo (29) aurkeztu zuten 2006ko abenduko zenbakia Bilboko Kalderapeko Kulturgunean. Eñaut Mitxelena aldizkariaren koordinatzaileaz gain, han izan ziren proiektua martxan jartzen lagundu zuten Bilboko euskara irakasle eta ikasleetako bi: Esther Zarandona eta Amaia Montorio. Sortu zenetik Aizu! euskara ikasleentzako tresna oso baliagarria izan dela azpimarratu zuten, bereziki 1983ko azaroan AEKrekin bat egin zuenetik. Atzo aurkeztu zuten zenbakia berezia da. Besteak beste, aldizkariak 1981az geroztik kaleratutako 25 elkarrizketa, 25 erreportaje eta AEKri buruzko 25 albiste jaso dituzte bertan. Bestalde, urteurrenaren harira, aldizkariaren azalez osatutako erakusketa ibiltaria prestatu dute. Uneotan Kalderapekon dago ikusgai. Gainera, bihar jai bat egingo dute bertan.