argia.eus
INPRIMATU
Aitzina segitzen du Senpereko auzapezak, gehiengoko hamar hautetsik dimititu arren
  • Gehiengoko bost hautetsik dimititu izanaren berria zabaldu zen urriaren 5ean, eta hortik aste batera bost kontseilari abertzaleek dute gauza bera egin. Dominique Idiart auzapezaren gobernatzeko moldea deitoratu dute guztiek dimisioa azaltzeko orduan.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2022ko urriaren 20a
Senpereko auzapeza (eskuinean, ator grisduna), herriko kontseilari batzuekin (Argazkia: Euskal Irratiak)

2020ko herri hauteskundeetan osaturiko batasunak ez du iraun Senperen: auzapez izendaturiko Dominique Idiarteren Elkarrekin Senpererentzat taldearen eta Senpere Bai hautagaitza abertzalearen arteko akordioa hautsi eta herriko etxetik atera dira kontseilari abertzale guztiak –Amaia Gobet, Christophe Jaureguy, Christine Artola, Franck Dorratcague eta Camille Fourt–. Aste bat lehenago, urriaren 5ean, gehiengoko beste bostek zuten dimisioa aurkeztu –Céline Munduteguy, Christine Perugorria, Pierre Falière, Nathalie Pourteau-Zamora eta Paxkal Irubetagoyenak–. Auzapezak bideraturiko gobernantza moldea deitoratu dute bata zein besteak. Abertzaleek herritarrei igorritako agirian ondoko adibideak irakurri ditzakegu: “Informazioa nahitara atxikitzea, gure gogoetarako beharrezkoak diren dokumentu batzuen lortzeko zailtasunak edota gehiengoko taldean eztabaidarik eta gogoeta lanik ez izatea”.

Gehiengoko hautetsi talde batek bultzaturik, azken hilabeteetan barne mailako krisia konpontzeko saiakerak egon arren, "ez da fitsik lortu" eta horregatik dute dimititu.

Hala eta guztiz ere, joandakoak zerrendako ondokoekin ordezkatu eta aitzina segituko du Dominique Idiartek. Hamar izendatu berrietatik bik ez dutenez kargua onartu, bi hautetsi gutiagorekin gobernatuko du. Hala ere, kargu hartzearena prefekturatik iragaiten den prozedura izanik, ondoko egunetan finkatuko eta baieztatuko da Senpereko kontseiluaren osaketa berria.

Hamar aulki horientzako hartzailerik ez balu, hauteskundeak antolatu beharko lituzke –legediari segi, bozketak bideratu behar izaten direlako hautetsien herena eskas izanez gero–. Aurrera egiteko erabakia azaltzerakoan, ondokoa zehazten du Euskal Irratiak komunikabidean auzapezak: “Bigarren itzulian osatu genuen taldea, eta gure engaiamendua izan zen herriaren eta herritarren abantailetan aritzea. Programa eman genuen martxan, eta ez da horri buruzko oharrik ageri [dimititu dutenen azalpenetan], funtzionamenduari buruzko elementu batzuk dituzte aipatzen”.

Langileen gaizki izatea

Herriko etxeko langileen egoera kaskarra deitoratzen dute hautetsi ohiek. Salaketa hori ez du gezurtatu auzapezak, eta urriaren 18ko prentsaurrekoan jakitera eman du konponbideak atzemateko lanketa abiatuko dutela. Ondoko zehaztapenak eman ditu: “Kudeaketa zentroak arrisku psikosozialen diagnostiko bat egin du, gaizki izate horren kausak agerraraziz: hierarkiarekiko harremanak, lan gainkarga, barne komunikazioaren huts egitea”. Aurretik dimitituriko gehiengoko beste bostek ere jokamolde bera zuten salatzen : “Herriko abentura honetan lan egiteko engaiatu ginen, eta ez bakarrik herriko kontseiluetan eskua altxatzeko”.

Senpere Bai-ko hautetsi ohiek herriko langileak eskertzen dituzte, ondokoa azpimarratuz: “Penatuak gara, desadostasun horien lehen biktimak baitira, eta ezin izan ditugu lagundu, borondate ona izan arren”.