Espainiako Auzitegi Nazionalak lau urteko espetxe zigorra ezarri zien Barbado amurrioarrari eta Zelaia gasteiztarrari. Apirilaren 26an, asteazkenean, Auzitegi Gorena bilduko da jarritako helegiteak aztertzeko. Zigorra berretsiz gero une horretatik aurrera bi gazteak edozein momentutan izan daitezke atxilotuak, ANkerkeria Stop plataformak jakinarazi duenez. Egun berean, hiru mobilizazio deitu dituzte, Agurainen, Amurrion eta Gasteizen.
2021eko otsailaren 2an, Auzitegi Nazionalak lau urteko espetxe zigorra, urtebeteko zaintzapeko askatasuna eta hamar urteko inhabilitazioa ezarri zien Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteei, "armak eta munizioak" gorde izana egotzita. 2021ean Argiak elkarrizketa egin zion Galder Barbadori, eta akusazioaren oinarrian den Ertzaintzaren txostenak "militantzia politikoa" zigortu nahi duela salatu zuen.
Epaiketan Fiskaltzak zortzi urteko espetxe zigor eskariari eutsi zion, baina helegitean defentsako abokatuek absoluzioa eskatu zuten. Asteazkenean, errekurtsoak aztertuta, behin betiko epaia ezagutaraziko du Gorenak.
Galder eta Aitorrekiko elkartasun plataformak, ANkerkeriari Stopek errepikatu du probak ez direla erabatekoak eta, berez, prozesu horretan bi gazte jazarri eta kriminalizatu nahi direla, beren militantzia politikoagatik: "Frogak motxilak eta bridak ziren, ez zuten justifikaziorik ez indarrik zigor horiek ezartzeko. Guztia Ertzaintzaren txosten batean oinarritzen zen".
Elkartasuna adierazteko mobilizazioak deitu dituzte
ANkerkeriari Stop plataformak hiru mobilizazio deitu ditu 19:00etan Agurainen, Amurrion eta Gasteizen, Auzitegi Gorenaren bileraren egunerako. 'Orain inoiz baino gehiago!' lelopean elkarretaratzeetan parte hartzera deiatu dute, "elkartasun sareak ehundu eta prozesuaren salaketa ozen jendarteratzeko".
"Poliziaren jazarpen politikoak eragindako ankerkeria, Auzitegi Nazionalean epaiketa salbuespenezkoa izatea eta azken bi urte hauetan bizitza normala egiteko aukerarik ez izatea gogor salatzen dugu", adierazi du ANkerkeriari Stopek, larunbatean zabaldutako oharrean.