argia.eus
INPRIMATU
Aitor Mazo omenduko du ekitaldiz beteta datorren Lekeitioko Euskal Zine Bilerak
  • 8 eguneko egitaraua atondu du Euskal Zine Bilerak aurtengo ediziorako. Azaroaren 22tik 29ra bitarte euskal zinemak 2015ean eman duena errepasatuko da Lekeition. Guztira 41 film aurkeztuko dira, 10 profesional eta 31 amateur.

EƱaut Agirrebengoa Apaolaza @eagirrebeng 2015eko azaroaren 12a
Aurten Euskal Zinearen Begirada Aitor Mazori zuzenduko zaio.

Antolatzaileen esanetan, jaialdiaren helburua euskarazko lan amateurrei bidea egiten laguntzea da, euskarazko zinemagintza profesionalaren bilgune izatearekin batera. “Horregatik ditu lehiaketak bi kategoria, profesionalena eta amateurrena”. Film lehiaketaz landa, beste zenbait ekitaldi ere izango dira, hala nola, txikien txokoa, Euskal Zinearen Begirada edota Lekeitioko Berbaldia.

Lehiaketak bost alor nagusi izango ditu: zuzendaritza, ekoizpena, gidoia, argazkia eta film onena. Lehenengo lauetan profesionalen kategoriako irabazleek 1.600 euroko saria izango dute, eta amateur onenek 1.100 eurokoa. Film onenaren kasuan, atal nagusia izaki, profesional mailako saria 1.900 eurokoa izango da, eta amateur mailakoa, berriz, 1.300 eurokoa –Urrezko Antzarra ere jasoko dute irabazleek– . Modu horretan, guztira 15.000 euro banatuko dira saritan. “Gure aurrekontuaren zati ederrena zinemagileei zuzenduta dago”, azaldu dute antolatzaileek.

Sari banaketa jaialdiaren amaiera ekitaldian egingo da, azaroaren 28an. Ekitaldi honek 2015eko Euskal Zinearen Begirada ere jasoko du, aurten Aitor Mazo zenari zuzenduko zaiona. Antolatzaileen arabera, Euskal Zinearen Begirada normalean zinemagile bat gertutik ezagutzeko erabili ohi da, baina Mazoren heriotza dela eta salbuespena egin eta ekitaldia bilbotarra omentzeko erabiliko dute. Ez da jasoko duen omenaldi bakarra, azaroaren 26an bere ibilbideari errepasoa egin eta Aitor Abaroa kazetariak bere omenezko hitz batzuk esango baititu.

Film laburrak hizketagai Lekeitioko Berbaldian

Azaroaren 28ko Lekeitioko Berbaldia –zinemagileen mahai-ingurua– izango da Euskal Zine Bilerako beste interesgune nagusietako bat. Aurtengo edizioan film laburrak hartuko dira mintzagai, Euskal Film Laburren Kartografia izeneko mahai-inguruan.

Lau izango dira solaskideak: Txema Muñoz Kimuak film laburren programako zuzendaria, Jon Garaño zuzendari, gidoilari eta ekoizlea, Maider Fernandez zinemagile eta Las Chicas del Pasaik-eko kidea eta Kepa Sojo zuzendari, gidoilari eta historialaria. Moderatzaile lanetan euskarazko zinemagintzan aditua den Miren Manias arituko da.

Beldurrak ere bere lekua izango du

Euskal Herriaren ABDak Euskal Herriko 26 zuzendarik eginiko beldur, zientzia fikzio eta fantasiazko film laburrez osaturiko film kolektiboa ere Euskal Zine Bileran izango da. Antolatzaileek argitu dutenez, film honetan “zinegile profesionalak, oilar-pisuan borrokatzera ohituak dauden amateurrak eta labur bat grabatzeko abenturan murgildu diren amateur inkontzienteak” aurkitu ahalko dira.

Saridunen emanaldi berezia, estreinakoz

Jaialdia ez da larunbateko amaierako ekitaldiarekin bukatuko. Izan ere, aurrenekoz film irabazleak proiektatuko dituzte igandean, 12:00etatik aurrera.