argia.eus
INPRIMATU
‘Aita Mari’-k 26 pertsona erreskatatu ditu Mediterraneoan
  • 26 lagunen artean hamabost adin txikiko, jaioberri bat eta emakume haurdun bat daude. Gehienak onik daude, eta laguntza humanitarioa jasotzen ari dira. Italiako agintariek Erromako Civitavecchia portura joateko agindu diote Aita Mari ontziari, eta erreskate tokitik bi eguneko bidaia egin beharko dute.

Ekain Carrasco Tellaetxe 2025eko abenduaren 2a
Ximena Borrazas/ARGIA

Asteleheneko egunsentian, Aita Mari-k 26 pertsona erreskatatu ditu Lampedusa uhartearen hegoaldean, SMH Itsas Salbamendu Humanitarioak jakinarazi duenez. Horien artean hamabost adin txikiko, jaioberri bat eta emakume haurdun bat. Ontzian bertan laguntza humanitarioa jasotzen ari dira. Gehienak onik badaude ere, gazte bat ontziko erietxean dago obserbazioan, hipotermia arinarekin. Erreskatatutako pertsona gehienak somaliarrak dira, eta badaude sudandar eta eritrearrak ere. Aita Mari ontzitik jakinarazi dutenez, bidaiatzen ari ziren ontzia “oso prekarioa” zen: zulatutako ontzi pneumatiko batean zihoazen erreskatatu dituztenean. 

Italiako agintariek Erromako Civitavecchia portua bideratu du jada Aita Mari, erreskatatutako pertsonak lehorreratzeko, erreskatea egin duten lekutik bi egunera. SMHk salatu du “ohikoa” dela urrun dauden portuetara joan behar izatea: “Portuak erreskate eremutik urruti egoteak salbamendurako baliabideak murriztea dakar Mediterraneoko eremu honetan, baita giza eskubideen urraketen lekukoak murriztea ere”.

Europar Batasun itogarria

Aita Mari-ren aurtengo azken misioa den honetan, Louise Michel ontziaren laguntza izan dute, baina ez da maniobra lasaia izan. Azken horiek sare sozialetan salatu dute “Europar Batasunak finantzatutako TS300 patruila-ontzi batek" tiro egin duela Louise Micheletik gertu, Aita Mariren ontzitik 500 metrora, "Louis Michele-en  norabidea aldaraziz”. Salatu dute: "Libiako kostazainek, Europak trebatuta eta armatuta, zigorgabetasun osoz jokatzen dute berriro, legez kanpoko itzulketak eginez eta bizitzak arriskuan jarriz”. Gaineratu dute indarkeria hori ez dela “akatsa”, eta “muga-politika baten parte” dela, mugitzen ari diren pertsonen aurkako tiroak, bahiketak eta abusuak "normalizatzen" dituena. Pertsona guztientzako “bide seguruak eta giza eskubideak” exijitu dituzte.

SMHk ere Europako kanpo-mugetako indarkeria salatu du. Azaldu du Europak bere mugak hirugarren herrialdetara ateratzen dituela, hots, migrazio eta asilo politiken kudeaketa beste estatu batzuetarantz mugiarazten duela, egoera irregularrean dauden errefuxiatuen eta etorkinen etorrera "saihesteko helburuarekin". Modu honetan, SMHren ustetan, "bazkide sendo" bihurtzen ditu Libia eta Tunisia bezalako herrialdeak, non Refugees in Libya bezalako erakundeek "atxiloketa arbitrarioak, torturak, bortxaketak eta esklabotza egoerak" dokumentatu dituzten. SMHk gaineratu du Europa mugak kanpora ateratzen hasi zenetik, duela hamar bat urte, “kriminalizazioa eta deshumanizazioa areagotu” egin direla.