argia.eus
INPRIMATU
Aisialdia, kirola eta kultura, mugikorrik gabeko arnasgune Urretxun
  • Herriko kirolgune, liburutegi, gazteleku, kulturgune, eskola inguru eta abarrek bereizgarria gehitu dute sarreran, jendeari eskatuz mugikorra bazter utz dezala. “Kalitatezko aisialdiaz gozatzea da helburua, arreta horretara jarrita, mugikorrak ekarri ohi duen distrakzioa gainetik kenduta”.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2025eko apirilaren 30

Gero eta gehiago dira mugikorrik gabeko arnasgune izendatu dituzten ikastetxeak, “nahiz eta eskoletako erronkak bizirik dirauen”, baina gizartea “gero eta kontzienteago” den garaiotan, mugimendua zabaldu eta aisialdiari loturiko eraikinetara hedatu dute aldarrikapena Urretxun. “Aisialdi guneak eskaintzen digunaz era kontzienteago batean disfrutatzea da asmoa, ingurukoekin sozializatzea, denboraren pertzepzio errealagoa izatea; azken finean, kalitatezko dedikazioa eta denbora eskaintzea kirol, kultur edo aisi ekintzari”, azaldu digu Ane Miren Ormazabal Urretxu-Zumarragako Altxa Buruak elkarteko gurasoak. Urretxuko Udalarekin batera jarri du abian ekimena elkarteak.

Aisialdiari eskaintzen diogun denbora behar bezala eskaintzeak “haur eta nerabeen, baina baita oro har erabiltzaile guztien ongizatea sustatzen” laguntzen du, Ormazabalen hitzetan.

"Aisialdi guneak eskaintzen digunaz era kontzienteago batean disfrutatzea da asmoa, ingurukoekin sozializatzea, denboraren pertzepzio errealagoa izatea"

Betebeharra baino, eranskina gomendioa dela jakitun, zenbateraino izango da eraginkorra? “Ez dakigu jendeak beteko duen, baina badugu esperantza –dio Ormazabalek–. Nahiz eta gomendioa izan, bereizgarria ikusten duenean gogora etorriko zaio egiten duen erabilera, eta erabiltzailearen kontzientzian klik hori egiteko behintzat balioko duelakoan gaude”. Kontzientziazioaz gain, gogoeta bultzatzea ere badu helburu kanpainak, haur nahiz heldu, gaiaren inguruan hausnartzea “guztiok behar baitugu”.

Udala kirol eta bestelako elkarteekin harremanetan dagoela eta ikasturtea bukatu aurretik ekimenak duen eraginaren feedbacka izango dutela gehitu du gurasoak.

Urretxuk bizilagun duen Zumarraga herriak ere interesa azaldu duela eta udala elkarlanera batuko dela nabarmendu du Ane Miren Ormazabalek.