argia.eus
INPRIMATU
Airbnb bidezko eskaintzaren %94 legez kanpo geldituko litzateke Donostian, New Yorkeko legea aplikatuko balitz
  • New Yorken epe motzeko alokairua nabarmen mugatzen duen lege bat ezarri dute berriki, etxe turistikoei bereziki eragiten diena. Funtsean, 30 egunetik beherako alokairuak debekatzen ditu lege horrek, eta, beraz, etxe turistiko gehienak legez kanpo uzten ditu. Hortik abiatuta, Haritik Hirira geografo taldeak aztertu du zer gertatuko litzatekeen Euskal Herriko hainbat hiritan lege hori aplikatuko balitz.

Irutxuloko Hitza @irutxulo BeƱat Parra @parrabenat 2023ko azaroaren 15a
Airbnb bidezko etxe turistikoen eskaintza Donostian gaur egun (goian) eta New Yorkeko legea hemen aplikatuko balitz (behean). (Argazkia: Haritik Hirira)

Donostiaren kasuan, Aibnb plataformaren bidez eskaintzen diren alokairuen %93,80 legez kanpo geldituko lirateke —etxe turistiko gehienak hortik eskaintzen dira—, geografoek ondorioztatu dutenez: “Gipuzkoako hiriburuan topa daitezkeen 1.806 eskaintzetatik, 109 soilik dira epe luzera bideratutako alokairuak. Hori horrela, gainontzeko 1.694 eskaintzak (eskaintzaren %93,80), legez kanpo geratuko lirateke, New Yorken onarturiko legea bertan aplikatuko bagenu”. Haritik Hirirakoek emandako datuak Airbnb-tik bertatik ateratakoak dira.

Hiri osoan murriztuko litzateke etxe turistikoen eskaintza, baina bereziki nabarmena da murrizketa Parte Zaharrean, Erdialdean eta Grosen, beheko irudian ikus daitekeen moduan. Hain zuzen ere, pandemiaren aurretik pandemiaren ostera etxe turistikoen eskaintzak Donostian izandako bilakaera aztertu zuen Haritik Hirirak urte hasieran, eta agerian utzi zuen pandemiaren aurretik baino etxe turistiko gehiago daudela orain hirian; hedabide honek horri buruzko erreportaje zabala argitaratu zuen orduan.

Donostiako etxebizitza turistiko bat iragartzen duen plaka. (Argazkia: Inaxio Esnaola)

Miarritzeko, Baionako eta Bilboko kasuak ere aztertu dituzte, eta denetan antzeko murrizketak izango lirateke: Miarritzen Airbnb bidezko eskaintzaren %94,02 legez kanpo geldituko litzateke, Baionan %96,4 eta Bilbon %95,38. “Planteatu dugun epe motzeko alokairuaren debekuak ez luke egungo etxebizitza krisia konponduko, baina aurrekari garrantzitsua suposatu lezake. Azkenean, egun erabilera turistikoa duten etxebizitza asko familia etxebizitza izatera itzultzeko aukera emango luke, honek izan ditzakeen onura demografiko, sozial zein ekonomikoekin batera etxebizitzaren jatorrizko eta oinarrizko erabilera zein eskubidea lehenetsiz: bizitegia”, gaineratu dute geografoek.

Jarraian, hari guztia ikus dezakezue: