argia.eus
INPRIMATU
Bakerako Euskal Bidea
Aipatzen ez den klabea: EAJ-EH Bildu
  • Lau esparru zehatzetan aurrera egitea proposatzen du joan den igandean aurkeztutako Bakerako Euskal Bideak: biktimak eta memoria, preso eta iheslariak, armagabetzea eta desmilitarizazioa. ETAren amaieran bakarrik ez, bake prozesuan ere aldebakartasuna aldarrikatzen du, euskal gizarteak egin dezala bere bidea Madrili begiratu gabe.

Xabier Letona Biteri @xletona 2015eko apirilaren 27a

Presoen eremuan eman daitezke urratsak aldebakartasunetik, batez ere presoek euskal gizarteari helarazi diezaioketen mezuarekin –autokritika–, baina giltza Espainian eratuko den gobernu berriarena da. Zein ote? Lau esparruetatik gaitzena da. Biktima eta memoriaren esparruan ere ezker abertzaleak eman ditzake pauso berriak, batez ere kalteen eta erruen onespenari dagokionez; keinu batzuk ere ikusi dira oraingo proposamenean. Giza eskubideak bermatu beharraz harago, desmilitarizazioa aldarrikapena da batez ere, beste dena aurrera ateratzean epe ertainera bidera daitekeena.

Eta aurrera egin daitekeen punturik garrantzitsuena orain –lehenago ere bai– ETAren armagabetzea da. Indar handia jartzen da armetan eta badirudi urrats handienak esparru horretan emango direla aurrerantzean. Hori litzateke logikoena, gaitza izan arren aurkeztutako lau esparruetatik egingarriena delako, sinbolismo handikoa eta gaur egun euskal gizartea bake prozesuratzeko ezker abertzaleak duen tresnarik eraginkorrena. Eusko Jaurlaritzak bere parte-hartzea eskaini zuen 2014ko amaieran eta ezker abertzaleak ez zuen ondo hartu. Orain ezker abertzaleak eskatzen du Eusko Jaurlaritzaren partehartzea. Proposamenak eta jarrerak egiazkoak badira, topatuko dira moduak.

Egiazki, bake prozesuaren klabe garrantzitsuena zehatz aipatu gabe dago proposamen honetan, nahiz eta lerro artean antzeman daitekeen: EH Bilduk eta EAJk bakegintzari buruzko oinarri bateratu batzuk partekatzea behingoz eta horien ardatzean apurka aurrera egitea. Bakoitza bere gizarte eredu eta proiektu politikoan tinko, baina biak bake prozesua minimo batzuetatik elikatzen. Errail horien gainean euskal gizarteak ere eman ditzake urratsak, bestela nekez. Hori posible ez bada, ahaztu planekin, ez dira eraginkorrak izango.

(ARGIA astekariko Maltzagatik sailean aste honetan agertzen den artikuluaren zati bat da honakoa).