Azpeitiko 1. Instrukzio Epaitegiko epaileak bi delitu gehiago leporatu dizkie berriki Pujanaren hilketagatik ikerketapean dauden bi pertsonei: emakumea atxiki izana eta sexualki esplotatu izana. Hala bada, indarkeria matxista zantzuak lituzke kasuak. Emakumeen Mugimendu Demokratikoa elkarteak elkarretaratzea deitu du ostiralerako, 19:00etan, Donostiako Boulevardeko kioskoaren ondoan, hilketa gaitzesteko.
Aintzane Pujanaren ustezko hiltzaileen delituen zerrendan bi puntu gehitu ditu Azpeitiko 1. Instrukzio Epaitegiko epaileak: emakumea atxiki eta sexualki esplotatu izana. Epaileak akusazioak irekitzea erabaki du Ertzaintzaren frogak jaso eta akusatuei deklarazioa hartu ostean.
Pujana, 32 urteko emakume donostiarra, hilik agertu zen urtarrilaren 4an Aizarnazabalgo Etxabe auzoan, Urola ibaiaren ertzean. Haren bikotekideak urtarrilaren 1ean salatu zuen desagerpena. Ertzaintzak burututako ikerketaren arabera, Pujana urtarrilaren 2ko goizaldean hil zuten labankadaz, liskar baten ondotik. Ustezko hiltzaileak Aizarnazabalgo landetxe bateko apartamenduan biktimarekin bizi ziren bi pisukideak dira, Errenteriakoak biak: 24 urte ditu horietako batek, gizonezkoak, eta 23 besteak, emakumezkoak. Urtarrilaren 12an atxilotu zituzten, eta Martuteneko espetxean daude.
Azken akusazioen nolakotasunak kontuan hartuta, Aintzane Pujanaren kasuak zerikusia luke indarkeria matxistarekin.
Emakumeen Mugimendu Demokratikoaren gaitzespena
EMD elkarteak hilketa gaitzetsi du eta Pujana atxiki, prostituitu eta hil izana salatu du. Biktimaren familiari eta lagunei elkartasuna adierazi die eta hilketaren nondik norakoak argitzeko eskatu du. Elkarteak hilketa matxistatatzat jo du eta gaitzespena adierazteko elkarretaratzea deitu du ostiralerako, hilak 22, 19:00etan, Donostiako Boulevardeko kioskoaren ondoan. Elkarteak gogorarazi du maskara erabiltzea derrigorrezkoa dela eta segurtasun-distantzia mantenduko dela.