argia.eus
INPRIMATU
Ainhoa Jauregi izendatu dute Hamaika Telebistako zuzendari, Iñaki Uriari lekukoa hartuta
  • Hemendik aurrera Hamaika Telebistak “zuzendaritza lantalde gazte, berri eta eraldatzailea izango du”. Ainhoa Jauregi zuzendari berriak, Maddi Mochales digitalizazio arduradunak eta Onintza Alustiza finantza arduradunak “ikuspegi osatuago” batekin ekingo diote katearen zuzendaritzari Hamaika Telebistak berak jakinarazi duenez. 

Julene Flamarique 2024ko urriaren 10
Ainhoa Jauregik lekukoa hartu dio Iñaki Uriari Hamaika TB

Orain arte Hamaika Telebistako zuzendari izan den Iñaki Uriari hartu dio lekukoa orain arte katean lanean izan den Ainhoa Jauregik. 2006. urtean jaio zen telebista euskalduna, eta geroztik Uria izan da zuzendari nagusia. Jauregirekin batera Maddi Mochales izango da digitalizazio arduraduna eta Onintza Alustiza finantza arduraduna.

Garai berriekin bat egiten duen digitalizazioari helduko nahi dio zuzendaritza berriak, sortuko diren eduki berriak plataforma berrietara zuzenduko baitira, baina “telebistako kontsumoa ez dute ahaztuko”.  “Ikus-entzunezko eskaintza gero eta handiagoa da, eta kontsumo ohiturak aldatu egin dira. Guri tokatzen zaigu aldi berri hauetara egokitzea”, azaldu du Jauregik asteazkenean Zarautzen eginiko aurkezpenean.

Gazteek gaurkotasuna eta entretenimendua euskaraz kontsumi dezaten tresnak eskainiko zaizkiela ziurtatu du zuzendari berriak. “Eduki azkarrak, dinamikoak eta bisualak eskatzen dituzte gazteek, erraz partekatzen direnak. Hortaz, Youtube, Tik Tok, Instagram eta plataforma horien bidez iritsi nahi dugu haiengana”, azaldu du Jauregik. Orain arte arlo horretan egin dituzten ahaleginek harrera ona izan dutela ikusi dute.

Etorkizunari begira, baliabide ekonomiko gehigo beharko dituztela ziurtatu du Jauregik. “Bai hurrengo erronkei aurre egiteko, bai profesional onak mantentzeko baita publiko berriak erakartzeko ere”.  “Denok elkarrekin joan behar dugu euskararen normalizazioan eragiteko”, amaitu du.