Urretxuarra hirugarren graduan zegoen 2022ko urritik, baina Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak Fiskaltzaren helegitea aintzat hartu eta hirugarren gradua atzera bota du.
Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Ainhoa Barbarinek espetxera itzuli behar izan du, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak Estatuko Fiskaltzaren helegitea aintzat hartu eta hirugarren gradua atzera bota ondoren. Martuteneko kartzelara bueltatu da.
?? Ainhoa Barbarin Iurrebaso preso urretxuarra Martuteneko espetxera bueltatu da, Auzitegi Nazionaleko (AN) Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak bigarren gradura itzuli ondoren#etxera #EtxerakoBideanOztoporikEz
Oharra ?https://t.co/U7kez34ZhW
— Etxerat Elkartea (@EtxeratElkartea) February 22, 2023
Urretxuarra hirugarren graduan zegoen 2022ko urritik, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak hala erabakita eta Martuteneko Tratamendu Batzordeak proposatuta.
2021eko apirilean Picassenteko espetxetik (600 kilometrora) Euskal Herrira hurbildu zuten. 21 urte bete ditu kartzelan eta datorren urtean zigorraren hiru laurdenak beteko ditu.
Azken aldian Espainiako Auzitegi Nazionalak hirugarren gradua baliogabetu dio hainbat euskal presori, fiskaltza helegiteak jartzen ari delako. Duela gutxi Asier Karrera Etxarriko presoaren hirugarren gradua atzera bota zuen eta espetxera itzuli behar izan zuen.