argia.eus
INPRIMATU
Aingeru Zudaire gomazko piloten biktima gisa aitortzea eskatu diote Nafarroako Gobernuari
  • Espainiako Auzitegi Nazionalak arrazoia eman zion azaroan eta 100.000 euroko kalte ordaina jasoko du, baina larunbatean Atarrabiako kultur etxean egindako agerraldian Zudairek adierazi du horrek ez diola galdutakoa itzuliko. Epaiarekin pozik badago ere, borrokan jarraitu behar dela azpimarratu du. Ez da kasu isolatua, Poliziak hainbat lagun zauritu ditu Euskal Herriko manifestazioetan.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko martxoaren 13a
Argazkia: @ImanolKarrera.

2012ko greba orokor batean, Iruñean, Espainiako polizia batek jaurtitako gomazko pilota batengatik eskuin begiko ikusmena galdu du Aingeru Zudairek. Lehenengoz, justiziak aitortu du begia galdu zuela tiro baten ondorioz, 30 metrora manifestazio batean ordena publikoaren aurkako mehatxurik egin gabe. Espainiako Auzitegi Nazionalak arrazoia eman zion azaroan. Espainiak 100.000 euroko kalte ordaina ordaindu beharko dio, baina Zudairek adierazi duenez diruak ez dizkio galdutako urteak eta ogibidea itzuliko: “Ez dit begia itzuliko, ezta lapurtu didan bizitza ere”.

Larunbatean egin du agerraldia Ojo Justizia plataformak Atarrabiako kultur etxean. Gertukoek eta hainbat herritarrek babestu dute atarrabiarra. Negarrari ezin eutsiz, eskerrak eman dizkie behin eta berriz bertaratutako guztiei.

Zudaire pozik azaldu da epaiarekin, nahiz eta zauritu zuen poliziak ez duen zigorrik jaso: “Ez naiz kalera aterako suziriak botatzera. Epai horretan gauza asko geratzen dira bidean, baina askoz okerragoa izan zitekeen”. Era berean, gaineratu du hau ez dela garaipena, eta gaur egun “horrelako jarrerak areagotzen” ari direla. Ez errepikatzeko bermerik ikusi arte, borrokan jarraitu behar dela azpimarratu du.

Bestalde, horrelakorik ez errepikatzeko bermeak ezartzea eta Nafarroako Foru Komunitatean gomazko piloten eta antzekoen erabilera debekatzea eskatu dio Ojo Justizia Plataformak Nafarroako Gobernuari. Zudairerena ez da kasu isolatua. Poliziak beste zenbait lagun zauritu ditu Euskal Herrian egin diren manifestazioetan. Horien artean, Txuma Olabarri, Jose Miguel Inda, Joanes Gulina, Mikel Iribarren eta Alejandro Gorraiz.

Leire Martin abokatuak “pozik” hartu du ebazpena, baina gertatutakoa argitzeko hamar urte behar izatea salatu du. Era berean, “borondaterik eza” eta “oztopoz beteriko” bidea izatea onartezina dela adierazi du. Kirio Gastearena Ojo Justizia plataformako kideak bide beretik egin du epaiaren balorazioa eta justiziarik egin ez dela salatu du.